Urkulluk Galiziako Xuntako Kultura, Hezkuntza eta Unibertsitate kontseilaria hartu du

0
Fuente: Irekia.

Iñigo Urkullu lehendakariak, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuarekin batera, bilera izan du gaur eguerdian Galiziako Xuntako Kultura, Hezkuntza eta Unibertsitate kontseilari Roman Rodriguezekin. Galiziako kontseilariaren eta bere taldearen bisitaren arrazoia Lanbide Heziketako euskal eredua eta erreferentziazko zenbait ikastetxeren funtzionamendua bertatik bertara ezagutzea izan da.

Lehendakaritzan egindako bileran eta bisitetan, Lanbide Heziketako sailburuorde Jorge Arevalok eta Galiziako Xuntako Hezkuntza eta Lanbide Heziketako idazkari nagusi José Luis Mirak ere parte hartu dute.

Galiziak Euskadi hartu du eredu bere Lanbide Heziketa eguneratzeko, bereziki berrikuntzaren esparruan. Horregatik, Galiziako arduradunen bisita nagusietako bat Tknikara izan da, Euskadiko Lanbide Heziketaren Berrikuntza eta Ikerketa Aplikatuko Zentrora. Zentro honetan, bere ohiko funtzionamenduaz gain, Tknikak Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxe guztiekin sarean nola lan egiten duen ezagutzeko interesa agertu du Galiziako ordezkaritzak, bertako arloetatik koordinatzen diren berrikuntza-proiektuen bidez.

Egoitza Errenterian duen zentro honen instalazioetan arlo teknologikoa bisitatu dute lehenik, hala nola Errealitate Birtualarekin, Fabrikazio Aditiboarekin, 4.0 Industriarekin edo 3D Inprimaketarekin loturiko eremuak. Baina Biozientzien eta Jasangarritasunaren arloan ere egin dute geldialdia (Biolaboratorioak, Elikagaien Berrikuntza, Akuoponia…), bai eta Sistema Adimendunen arlon ere, non, besteak beste, zibersegurtasuneko proiektuak edo garuneko bulkadetan oinarritutako automatizaziorako teknologien aplikazioak garatzen diren.

Lanbide Heziketako ikastetxeko adimenduna

Tknikan bisita amaitu ondoren Bergarara abiatu dira, Miguel Altuna Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratua ezagutzeko. Miguel Altuna LHII Lanbide Heziketako zentro adimenduna da, erreferentea Europan, eta adibide ona Lanbide Heziketako euskal zentroetan gertatzen ari den digitalizazio-prozesua ulertzeko.

Bergarako Miguel Altuna LHIIk Euskadiko Lanbide Heziketa bultzatzen eta ezartzen ari den ikastetxe adimendunaren kontzeptuari erantzuten dio, digitalizazioari eta gero eta hedatuagoa den smart data kontzeptuari esker (datuen kudeaketarekin eta ustiapenarekin lotua). Ikasleak trebatzen diren tailer digitalizatuan, makina guztiak software zentral batera daude konektatuta eta honek erregistratu egiten du datuen emaria, makina horiek beren jardunean sortzen dutena: makinetako bakoitzak unean-unean egiten duen lan-mota, zenbat denboraz, zein erabiltzaile ari den (ikasle nahiz irakasle)… Horrela, baliabide berri eta baliotsu bat du ikastetxeak eskura: datuak.

Jarduera horrek sorrarazten duen datu bolumen izugarriaren ustiapenak eta kudeaketak hainbat prozesu hobetu eta optimizatzeko balio dio ikastetxeari: ikasleen ikaskuntza-prozesua bera, nahiz tailerreko makinen mantentze eraginkorrago bati lotutako gaiak. Era berean, biltegi adimendun baten ezaugarriak betetzen ditu tailer horretako biltegiak ere, eta horrek eraginkortasun handiagoa ematen dio honen kudeaketari.

Ikastetxe adimendunaren ezaugarriez eta honek behar duen ekipamenduaz gain, Galiziako bisitariek Lanbide Heziketako euskal zentroek gaur egun ezartzen dituzten irakaskuntza eta ikaskuntza-metodologia aktiboak ere ezagutu ahal izan dituzte.

Egindako bisiten ondoren, Bildarratz sailburuak eta Rodriguez kontseilariak bi sailen arteko harremanetan sakontzeko eta hauei jarraipena emateko interesa agertu dute.