2021aren amaierako bilketa 8.136,1 milioi eurokoa izan da Bizkaian

0

Bizkaiko zerga itunduen bilketa garbia 8.136,1 milioi eurokoa izan da 2021eko abenduaren 31ra arte. Zenbateko horrek % 10,8 handitzen du bilketaren aurrekontua (7.341,6 M €) eta % 2,2 Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak urrian egindako aurrelikidazioa (7.958,8 M €).

Aurreko ekitaldiekin alderatuta 2021ean bilketak % 14,2 egin du gora 2020an lortutakoaren aldean (7.122,1 M €) eta % 1,7 2019an lortutakoarekin alderatuta (7.995,1 M €).

2021eko diru-bilketaren amaierako zifran deskontatuta daude Ekarpenen Legearen barne-doikuntzetan egindako ordainketak; ordainketa horien munta 1.486,4 milioi eurokoa izan da. Doikuntza horien banaketa 1.119,9 milioikoa izan da Gipuzkorentzat eta 366,4 milioikoa Arabarentzat. Horrela, doikuntzen aurretik, Bizkaian 9.622,5 milioi euro bildu dira, eta 2020ko diru-bilketa % 16,3 handitu da doikuntzen aurretik.

Zuzeneko zergak

2021ean zuzeneko zergen bidez 3.996,3 milioi euro bildu dira, 2020aren aldean % 9,1 haziz. Kontzeptu nagusi gisa Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren bidez 3.125,4 milioi euro bildu dira, eta Sozietateen gaineko Zergaren bidez 635,4 milioi euro.

Zeharkako zergak

2021ean zeharkako zergen bidezko behin betiko bilketa  3.210,5 milioi eurokoa izan da, aurreko urtean baino % 16,0 gehiago. Kopuru horretatik, 2.088,1 milioi euro BEZari dagozkio eta 949,9 milioi euro zerga bereziei.

Zeharkako zergen barne-doikuntzen ondorioz 1.486,4 milioi euro gutxiago bildu dira; horietatik 863,2 milioi BEZaren doikuntzari dagozkio eta 623,2 milioi zerga berezien doikuntzari.

Tasak eta bestelako diru-sarrerak

Joko-tasak eta beste diru-sarrera batzuk 55,6 milioi eurokoak dira guztira, hau da, 2020an baino % 7,9 gehiago.

Estatuarekiko doikuntzak

2021ean Bizkaiak 1.058,5 milioi euro ingresatu ditu eta 184,8 milioi ordaindu ditu BEZaren eta zerga berezien Estatuarekiko doikuntzetan.

Diru-bilketa handiena

2021eko diru-bilketaren zifra orain arte Bizkaian lortu den handiena da, eta Bizkaian aurreko ekitaldian jarduera ekonomikoa lehengoratzen hasi dela islatzen du. Dena dela, bilketaren gehikuntza horretan kontuan hartu beharreko beste faktore garrantzitsu batzuek ere eragiten dute, ezohiko diru-sarrerak direnak eta  aurreko ekitaldiekiko alderaketa desitxuratzen dutenak.

Horien artean nabarmentzekoa da 437,7 milioi euroko diru-sarrera bat, Estatuarekiko akta bakarrei dagokiena, Bizkaian dauden gordailu fiskaletatik ateratako erregaien tributazioaren auzia ebatzi ondoren. BEZari dagokion diru-sarrera denez, doikuntza egin da Arabako eta Gipuzkoako aldundiekin; beraz, Bizkairako emaitza 219 milioi eurokoa izan da.

Halaber, nahiz eta zenbateko txikiagoa izan, 2021ean ordaindu dira 2020ko zergen ordainketan izandako aparteko geroratzeei dagozkien azken kuotak, Covid-aren  pandemiak eragindako krisiaren aurrean enpresen eta profesionalen likidezia errazteko Foru Ogasunak hartutako neurrietako bat. Guztira, 2020an 113 milioi euro atzeratu ziren, eta horietatik heren bat 2021ean ingresatu zen.