EUSKADIK MUNDUKO ABANGOARDIAN JARRAITZEN DU ORGANO- ETA EHUN-EMATEAN, COVID-A GORABEHERA

0
PRUEBA

Pandemiaren bi urteotan, emateen tasa % 18 murriztu da, aurreko biurtekoarekin alderatuta, eta transplanteen kopurua, % 4 baino ez, prozeduren efizientziaren eta profesional parte-hartzaileen ondorioz

EAE mende honen hasieratik emaileen tasa milioi bat biztanleko 40 pertsonatik gora mantentzen duen herrialde bakarra da 

2021ean, EAEk 51.13 emaile izan zituen, milioi bat biztanleko, aurreko urtearen oso antzera, nahiz eta pandemiak zailtasunak eragin zituen; horrek esan nahi du EAEk jarraitzen duela abangoardian mundu-mailan organo- eta ehun-ematean.

Ebolutiboa aztertzean ikusiko dugu EAE dela, 2000. urtetik, urtean batez beste milioi bat biztanleko 40 emaile baino gehiago dituen herrialde bakarra.

Covid19-ak eragindako egoerak eragin du azken bi urteotan emate-tasa % 18 murriztu izana, aurreko biurtekoaren aldean. Hala ere, prozeduren eta emate eta transplanteen ekipoen eraginkortasuna dela eta, transplanteen kopurua % 4 baino ez da murriztu, nahiz eta programek, egokitzeko, neurri zorrotzak sartu behar izan dituzten, Covid kasu posibleak ebaluatu eta baztertzeko, bai emaile izateko hautagaietan bai hartzaile posibleetan.

Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuak nabarmendu eta eskertu nahi izan du euskal herritarren ahalegina, bizi dugun hain egoera zail honetan. Aldi berean, aintzatespena eta esker ona adierazi dizkie emate eta transplanteen prozesuan parte hartzen duten osasun-eremuko (ospitalekoa eta lehen mailako arretakoa) eta osasun-arlotik kanpoko (epaileak, mediku forentseak, organoak garraiatzeko eta sanitarioen joan-etorrietarako ekipoak, epaitegi eta aireportuetako langileak, SOS-DEIAK, Ertzaintza…) pertsona guztiei, kontuan hartuta prozesua bera, berez, konplexua dela, eta are gehiago egungo egoeran. Sagarduik, era berean, familien eskuzabaltasuna nabarmendu du. Haien erantzuna positiboa izan da, 10 kasutik 9tan, azken hamarkadan; 80ko hamarkadaren erdialdean, 10etik 7koa zen proportzioa. Halaber, ez ditu gaixoen elkarteak ahaztu, gizartea kontzientziatzeko egiten duten lanagatik.

2021ean, emaileen heriotzen % 53,9 istripu zerebrobaskularraren ondorio izan da eta % 13,3, garezur eta garuneko traumatismoaren ondorio (% 6,2 trafiko-istripuagatik).

 

                                        TRANSPLANTEEN JARDUERA

 

Iaz, 237 pertsonak, guztira, organoen transplantea izan zuten EAEn edo EAErekin hitzarmena duten beste autonomia-erkidego batzuetan; alegia, milioi bat biztanleko, 107 pertsonak. Hala, azken 10 urteotan, 2.497 organo-transplante egin zaizkie, guztira, EAEko pazienteei: 1.518 giltzurrunetakoak, 718 gibelekoak, 122 kardiakoak eta 139 biriketakoak, eta emaitzak Europako zentro esperimentatuenen antzekoak edo hobeak izan dira. EAEn paziente transplantatuen tasa urtean milioi bat biztanleko 110 pertsonatik gorakoa izan da.

2021ean, 145 ehun-emate (korneak, ehun osteotendinosoa, azala…) egin ziren; haiek Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentrora bidaltzen dira (Galdakaon dago), haiek prozesatu, babestu eta transplanterako banatzeko.

Era berean, hezur-muineko 47 transplante egin ziren Euskadiko Erreferentzia Zentroan (Donostia Unibertsitate Ospitalea).