Eusko Jaurlaritza giza eskubideen segimendua egiteko ordezkaritza baten buru, Kolonbian

0

Eusko Jaurlaritza Kolonbiara bidaiatuko duen ordezkaritza baten buru da. Bidaiaren helburua da, Giza eskubideen defendatzaileak Babesteko EAEko Programaren barruan, herrialde horretatik EAEn hartutako pertsonen segimendua egitea. José Antonio Rodríguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea eta Monika Hernando Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendaria dira ordezkaritzako buru. Ordezkaritzan daude, halaber, Eusko Legebiltzarreko sei ordezkari eta Gobernuko eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako (eLankidetza) langile teknikoak eta honako gizarte-erakunde hauetako ordezkariak: Zehar-Errefuxiatuekin proiektuaren erakunde kudeatzailea (lehengo CEAR Euskadi), Mugarik Gabe, Alboan eta Emigrad@s Sin Fronteras.

Guztira, 17 pertsonak bidaiatuko dute EAEtik Kolonbiara, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen, Berdintasunaren eta Justiziaren Batzordeko zenbait kide eta letradun bat barne: Leixuri Arrizabalaga presidentea (EAJ), Iñigo Iturrate (EAJ), Miren Gallastegui (PSE), Oihana Etxebarrieta (EH Bildu), Iñigo Martínez Zatón (Elkarrekin Podemos) eta Carmelo Barrio (PP).

Misio hau giza eskubideen defendatzaileak aldi baterako babesteko EAEko programaren parte da, eta EAEn babestu diren defendatzaile batzuek gaur egun bizi duten egoera aurrez aurre egiaztatzeko egiten da. Ordezkaritzak, horretarako, herrialdeko zenbait eremutara bidaiatuko du, eta, haietan, defendatzaileekin eta haiei dagozkien erakundeetako ordezkariekin batuko dira. Era berean, 2022an EAEra defendatzaile gisa bidaiatuko duen pertsona baten egoera ezagutuko dute.

Zehazki, bi emakume defendatzaile dira (eta haietako batekin seme bat etorriko da) datozen asteotan 2022ko edizioan EAEra bidaiatuko dutenak. Haietako bat Kolonbiatik iritsiko da eta bestea, Mendebaldeko Saharatik.

“Misioaren barne sartzen da gatazka askoko lurraldeak bisitatzea, non erkidegoek eta erakundeek etengabe borroka- eta arrisku-egoeran bizi baitira”, esan du Monika Hernandok. “Gu han egonda, haien bizitza- eta lan-eremuak babesten laguntzen dugu; izan ere, jasotzen duten nazioarteko laguntza ikusgai jartzen dugu”.

10 urte

Programak, pasa den urrian, hamargarren urteurrena bete zuen. 10 urteotan, 30 pertsonak (18 emakume, haien kargura izan diren 3 adingabe eta 9 gizon) jaso dute EAEren babesa. Honako hau izan da haien jatorria: Kolonbia, Peru, Honduras, Guatemala eta Mendebaldeko Sahara.

Ekimen horren helburua da haien jatorrizko herrialdeetan bizitza eta justizia soziala defendatzeagatik beren bizitza edo osotasun fisikoa mehatxupean duten giza eskubideen defendatzaileak babestea. Hala, EAEn harrera egiten zaie, sei hilez. Hemengo egonaldiari esker, atseden har dezakete eta beren burua zaindu, indarkeria politikoaren eraginak kontuan hartuta, fisikoki eta emozionalki berriro indarra hartzeko.

Denbora horretan, agenda politikoa garatzen dute, zenbait instituzio publiko eta erakunde sozialekin, laguntzeko nazioarteko sareak zabaldu eta sendotzeko. Sare horiek, praktikan, babesle-lanak egiten dituzte, itzulera segurtasun-baldintza hobeetan egiten laguntzeko eta giza eskubideen defentsan lan egiten jarraitzen laguntzeko.

Haien herrialdeetara itzuli ondoren, ohikoa zen, 2019ra arte, EAEko ordezkaritza batek aurreko hiletan EAEn babestuta zeuden pertsonei bisita egitea, beren egoera pertsonalaren eta komunitarioaren segimendua egiteko. Baina, 2020an eta 2021ean, ezin izan dira bisita horiek egin, pandemiak eragindako egoeragatik. Hala ere, aurten berriro ere ekin zaie. Hala, helburua da babes- eta segurtasun-sareak sendotzea eta, gainera, pertsona horiek EAEtik jasotzen duten gobernuaren, Legebiltzarraren eta erakundeen laguntza ikusgai jartzen laguntzea.

Hasi den bisita honekin, hamar izango dira, dagoeneko, esparru horretan eginikoak. Honako hauek egin dira: Kolonbiara (2012, 2014, 2015, 2016, 2018), Guatemalara (2015), Perura (2016) eta Hondurasera (2017 eta 2019).