Eusko Jaurlaritzak ETAren terrorismoaren ondorioz Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoetako kideek eta haien senideek jasandako injustiziari buruzko txostena aurkeztu du

0

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek ETAren terrorismoaren ondorioz Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoetako kideek eta haien senideek jasandako injustiziari buruzko txostena aurkeztu du, Deustuko Unibertsitateko Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuak egina.

Jose Ramón Intxaurbe, Gorka Urrutia eta Trinidad L. Vicente irakasleek egin dute lana, 2020. Urtearen hasieran Eusko Jaurlaritzak, Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzarako Sailburuordetzaren bitartez, Jose Antonio Rodríguez Ranzek zuzenduta, egindako eskaeraren ondoren.

Txostena egiteko, Guardia Zibileko eta Polizia Nazionalaren hainbat etapatako pertsonak elkarrizketatu dira, baita agenteen beste senide batzuk ere. Lortutako datu kuantitatiboen artean, ETAk 357 pertsona hil zituela ageri da: 207 (% 58) guardia zibil edo guardia zibil ohiak, eta 150 (% 42), Polizia Nazionalekoak. Era berean, guardia zibilen kasuan, eta kuartel-etxeen aurkako erasoen ondorioz, haien familietako 17 pertsona atentatu desberdinetan hil ziren, horietako bi nerabeak eta 11 haur. Azkenik, ETAk egindako atentatuek 711 zauritu utzi zituzten; horietatik %43k ezintasun iraunkor osoa eragin zuten lesioak izan zituzten.

“ETAk Ordena Publikoko Indarrak osatzen zituzten pertsonen aurka egin zuen mehatxua jarduera profesionalaren alderdi guztietara eta bizitza pribatu eta familiarreko eremu guztietara iritsi zen, eta, intimidazio kolektiboaren bidez, gorputza osatzen zutenak eta, hedaduraz, haien familiak isolamendu sozialeko egoera baten eraginpean gera zitezen lagundu zuen”. Hori da irakasleek ateratako lehen ondorioa, eta adierazi dute egoera hori onartezina dela sentsibilitate demokratikotik eta gizarte-aniztasunarekiko errespetutik.

Dokumentuan onartzen da egoerak “ez duela lekurik gizarte demokratiko batean, izan ere, Espainiako ordenamendu juridikoan ez ezik, nazioarteko zuzenbideko testu arau-emaile nagusietan onartutako oinarrizko eskubideak sistematikoki urratzea ekarri zuen”. Kapitulu honetan berariaz aipatzen dira honako eskubide hauen urraketak: osotasun fisikoa eta morala, bizitza, askatasuna eta segurtasuna, zirkulazioa eta egoitza-askatasuna, hezkuntza, nortasunaren garapen askea eta pertsonen duintasuna.

Baieztapen horretara iristeko, Deustuko Unibertsitateko Giza Eskubideen Institutuko irakasleek 14 pertsona elkarrizketatu zituzten eta haien oroitzapenei eta esperientziei buruzko testigantza oso zehatzat eta, batzuetan, intimoak eskaini zituzten. Haien artean zuzeneko biktimak edo ETAren hildakoen senideak zeuden. Talde horrek isolamendu soziala nabarmendu zuen: “Lurreko jendearekin harremanak izatea eta, are gutxiago, adiskidetasuna izatea ezinezkoa zen”; “Pisu batean bizi nintzen bi lagunekin. Inork ez gintuen ezagutzen blokean, ezkutuan ibili behar izaten genuen”; “Nik zerbait beldurgarritzat bizi izan nuen, inork ezin zuen jakin zer zen nire aita, bestela hile gin zezaketelako”. Beste faktura bat ere ordaindu zuten: haustura sentimentalak edo familia-porrotak; “ezkonberri nengoen Euskal Herrira bidali nindutenean. Emazte ohiak ez zidan lagundu nahi izan, beldurra zuen. Hiru hilabeteren buruan, bananduta amaitu genuen”.

Atentatuek utzitako beldurrari eta ondorio fisiko eta psikologikoei dagokienez, hainbat testigantza islatzen dira. Horrela jasotzen da orduan 27 urte zituen eta atentatu baten ondoren gurpil-aulkian geratu zen pertsona baten kontakizuna. 21 urterekin atentatu bat jasan zuen agente baten esperientzia ere kontatzen da; lau urte behar izan zituen berriro ibiltzeko, makila baten laguntzaz.

Era berean, senide batzuen adierazpenak jasotzen dira, nortasun-aldaketaz hitz egiten dutenak, baita atentatuetatik bizirik atera ondoren gurasoengan izandako indarkeria-agerraldiez ere.

“Elkarrizketatutako pertsonek gizarte osoaren enpatia handiagoaren falta sumatu zuten beren izaeraren eta sufrimenduaren aurrean. Aldi berean, gaitzespena adierazi zieten pairamena justifikatzen zutenei”, jasotzen da azterlanean.

Gomendioak

Azterlanean ageri den lehenengo gomendioetako bat da biktimek jasan dutena ezagutu eta aintzat hartu behar dela. “Publikoa izan behar du, eta, erakundeek bermatzen duten heinean, onarpen ofiziala izan behar du. Memoria konpontzailea da, ez bakarrik biktimarentzat, haien sufrimendu bidegabea agerian jarriko baita, baita gaixotasun onartezin bat bizi izan duen eta orain bizikidetza demokratikoa berreskuratu nahi duen gizarte-sarearentzat ere”.

Gizarteari oro har dagokionez, txostenean gonbidapena egiten zaio euskal gizarteari biktima errugabeek jasandako sufrimenduaren aurrean oroimen konpontzaile eta enpatiko bat eraikitzearen inguruan gogoeta egiteko, bai eta ETA talde terroristak eta haren ingurune sozialak kaltetu zuten aniztasunaren balioa kontuan hartzeko ere.

Elkarrizketetan zehar, zenbait pertsonak garrantzitsutzat jo zuten oroimena ikasgeletan agertzea, biktimen kontakizunen bidez; Eusko Jaurlaritzak garatzen duen Adi-Adian programak, esaterako. Txostenak ildo horretan sakontzen du, eta ekimen horiek “jarraitu eta bultzatu” daitezela gomendatzen du. Halaber, bide publikoan, atentatuak egin ziren lekuetan, plaka finkoak jartzea “sustatzen” du, eta “gizarte-bizikidetzako kultura konpontzen” jarraitzea.

ETAren terrorismoaren ondorioz Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoetako kideek eta haien senideek jasandako injustiziari buruzko txostena (1960-2011) da Deustuko Unibertsitateko Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuak egindako azken ikerketa. Mehatxatutako pertsonei, Ertzaintzako agenteei, presoen familietan urruntzeko espetxe-politikari, zinegotziei eta haien familiei buruz argitaratutako azken txostenen ondoren.

Joan den urtean, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Sailak azterlan berri bat eskatu zuen, espetxeetako funtzionarioen kolektiboari buruzkoa, datorren urtean argitaratuko dena.