Udalak Herri hezitzailea izateko konpromisoa hartua du eta horren baitan Oinherri egitasmoarekin hitzarmena ere badu, herri hezitzaile filosofiaren inguruko lanketa aurrera eramateko. Halako sareetan parte hartzeak haurraren ikuskera berri bat dakar: haurra etorkizuneko herritar edo etorkizuneko pertsona heldu moduan ikusi beharrean, gaur eta hemen eskubidedun herritartzat aitortzen da. Hala, txikitatik herriko erabakietan parte hartzeko eskubidea eta betebeharra ematen zaie.
Ikuspuntu horretatik sortutako herri batek herritar guztiontzako dakartza onurak. Izan ere, haurrak edo bazterretako bestelako pertsonak erdigunean jartzeak bestelako praktika eta egiteko moduak dakartza. Halaber, herri hezitzaile hori balio hezitzaile batzuen gainean landu nahi dute (berdintasuna, aniztasuna, partehartzea, euskara…). Lanketa horretarako, ezinbestekoak izango dira Gaztedia saileko hezitzaileak; horiek izango baitituzte bidelagun kontseiluan.
Haurrei ahotsa eta protagonismoa emango zaie, erabakitzeko ahalmena eta erantzukizuna, eta aldi berean, haurrak entzuten ikasiz gaietan sakontzea da helburua.