Kontsumobidek gogorarazi du kontsumitzaileek eskubidea dutela metatutako fakturazio elektrikoaren atzerapenak zatika ordaintzeko.

0

Elektrizitatearen prezioaren aldakortasun handia da merkaturatzaile batzuek dagozkien fakturak atzeratzeko edo ez jaulkitzeko emandako arrazoia. Jokabide horrek arazo bat sor diezaioke kontsumitzaileari, ikusten baitu merkaturatzailearekin duen zorra handitu egiten dela, eta gerta daiteke faktura horri aurre egin behar zaionean ordaindu beharreko kopurua oso handia izatea.

Egoera horren aurrean, Kontsumobidek honako hau gogoratu nahi du:

· Kontsumitzaileak ez du elektrizitate-fakturak ordaintzeko obligaziorik urtebete baino gehiagoko atzerapenarekin. Fakturazioaren atzerapena merkatuaren aldakortasunak, irakurketaren akats batek edo konpainiaren akats edo erabaki administratibo batek eragin izanak ez dio eskubide horri eragiten.

· Beste alde batetik, kontsumitzaileak fakturaren ordainketa hainbanatzeko eskubidea du, fakturazio ezetik igaro diren hilabeteak adina hilabetez. Adibidez, abuztuko ordainketa-faktura bat ordaintzeke badugu, eta kontuan hartzen badugu urtarrilean gaudela, faktura horren ordainketa lau hilekotan zatitzeko eskubidea izango dugu (iraila, urria, azaroa, abendua).

Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak duela gutxi aztertu du egoera hori, eta kontsumitzaileen eskubideak berretsi ditu. Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionala merkaturatzaileei ere zuzendu zaie, kontsumitzaileen eskubideei erantzuteko betebeharra dutela gogorarazteko, eta eskatzen die merkaturatzaile elektrikoek beraiek susta dezatela zorraren ordainketa zatikatzeko aukera. Era berean, gomendatzen die aldez aurretik kontsumitzaileei jakinaraztea eta ziurtatzea kontsumitzaileek ezagutzen dituztela suertatutako egoera eta ordaintzeko dituzten aukerak.