Bilboko Udalak lehenengo 8 milioi euroak jaso ditu ekonomia suspertzeko next generation europar funtsetatik

0

Bilboko Udalak lehen 7.968.283 euroak jasoko ditu Suspertzeko eta Erresilentziarako NextGenerationEU Mekanismotik.

4.7 milioi euro Artxandako inguruan zenbait esku-hartze egiteko eta funikularrerako dira, eta 2,6 milioi euro erromesendako aterpetxe berri bat eraikitzeko Txurdinaga eta Begoña auzoek bat egiten duten lekuan, eta gainerako 620.000 euroak Rodriguez Arias kalea oinezkoentzako eremu gehiagoz hornitzeko.

Horiek dira zuzeneko dirulaguntzen artean berretsi diren lehenengo hirurak, Udalak europar laguntzen artean jasoko dituenak, eta turismoaren arloan daude sartuta. Datozen hilabeteotan baieztatuko dira funts horien kontura Bilbon beste proiektu batzuk garatzeko dirulaguntzak, funts horien berorien kontura.

ARTXANDAN ETA FUNIKULARREAN EGITEKOAK DIREN LANAK

4.700.000 euro Turismo Helmugen Jasangarritasunerako 2021eko deialdiari dagozkio, eta zenbait lan egingo dira beraren bidez.

Alde batetik, berritu egingo da Topagunearen parkea Artxandan, eta zutiko lorategi bat diseinatuko da Artxandako funikularraren fatxada nagusian, trantsizio berde eta jasangarriaren bidean aurrera egiteko.

Beste alde batetik, Artxandako funikularraren goreneko geltokia birgaitu egingo da, eta eguzki-panelak eta funikularraren balaztatze-energia baliatzeko panelak ezarriko dira, eta, hala, energia eraginkortasuna hobetzeaz gainera, ekipamenduei dagozkien zenbait inbertsio ere egingo dira.

ATERPETXE BERRIA ERROMESENDAKO

Onartutako bigarren dirulaguntza 2.648.448 eurokoa da, eta Xacobeo Turismo Helmugen Jasangarritasunerako Planetarako 2021eko deialdiaren barruan daude, eta erromesendako aterpetxe berri bat eraikitzeko izango dira.

Baliabide berri hau Zabalbide kaleko antzinako ur-deposituan egongo da, Txurdinaga eta Begoña auzoek bat egiten duten lekuan. Proiektua aurki aurkeztuko da, arkitektura-estudioa eta eraikuntza-proiektua amaitutakoan, zeinak idazten ari baitira.

OINEZKOENDAKO EREMU GEHIAGO RODRIGUEZ ARIAS KALEAN

Azkenik, Bilboko Udalak 619.835 euro jasoko ditu turismo-guneetan merkataritza jarduera sendotzeko laguntzetarako deialdien barruan. Diru-kopuru hori izango da espaloiak zabaltzeko, egoteko lekuak sortzeko eta Rodriguez Arias kaleko merkataritza-korridorean hiri-altzariak jartzeko, zuhaitzak landatzeko eta argiteria berritzeko.