Etika Publikoko Batzordeak bere kide bi berritu ditu

0

Gobernu Kontseiluak Elsa Gonzalez Esteban eta Fernando Tapia Alberdi izendatu ditu Etika Publikoko Batzordeko kide gisa, Administraziotik kanpokoak diren biak. Etika, zuzenbide edo gobernantza publikoarekin zerikusia duten gaietan prestigio profesional ezaguna duten bi pertsona dira, eta filosofia, etika edo zuzenbidearen arloan unibertsitate irakaskuntzarekin lotutako karrera profesional emankorrak dituzte biek ala biek.

Etika Publikoko Batzordeko bi kide berriek Elisa Perez Vera eta Txetxu Ausin Diez ordezkatu dituzte. Azken horiek, hainbat urteko dedikazioaren ondoren, uko egin diote organo hori berritzea ahalbidetze aldera. Magistratua 2013an sartu zen Batzordean, eta filosofoa bi urte geroago, 2015ean.

Egungo legealdia abiatu zenetik Etika Publikoko Batzordeko beste hiru kideak hauek dira: Olatz Garamendi, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburua, presidente lanetan; Jose Maria Armentia, Funtzio Publikoko sailburuordea, batzordekidea; eta Jon Urbina, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria, idazkari lanetan, azken honek hitza bai baina botorik ez duena.

Elsa Gonzalez eta Fernando Tapiaren izendapenak, Garamendi Sailburuak proposatuta, Etika Publikoko Batzordeari bultzada berri bat eman nahi dio, autokonplazentzian eta errutinan erortzea saihestuz.

Elsa Gonzalez Jaume I Unibertsitateko (Castelló) Filosofia eta Soziologia Saileko Filosofia Moraleko irakasle titularra da eta Filosofian (enpresako etikan) doktore ere bada. Etika diskurtsiboan, enpresaren erantzukizun sozialean, erakunde eta administrazio publikoetan, gobernantza kosmopolitan eta balioen kodeetan espezializatuta dago. Bere ikerketa proiektuak kudeaketa etikoko sistemak abian jartzeko diseinuan edo aholkularitzan zentratu dira, hainbat tresna erabiliz: etika eta jokabide kodea, etikari eta gizarte erantzukizunari buruzko txostenak, gobernu onari buruzko txostenak eta ildo etikoen ezarpena, besteak beste. Estatu espainiarreko eta beste herrialde batzuetako ikerketa proiektu askotan parte hartu du. Etika eta Filosofia Politikoaren Espainiako Elkarteko kidea da.

Fernando Tapia Zuzenbidean lizentziaduna eta doktorea da EHUn, eta Zuzenbidearen Filosofiako irakasle da euskal unibertsitate publikoan 1997tik. Gaur egun, unibertsitate horretako Ikasleen eta Enplegagarritasuneko errektoreordea da, eta baita Etika Praktika Komunitateetan ikerketa taldeko kidea ere. Joxemari Korta I+G zentroko zuzendaria eta EHUko Garapen Zientifiko eta Transferentziarako errektoreordea ere izan da.

Etika Publikoko Batzordea Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari atxikita dago, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko goi-kargudun eta behin-behineko langile guztiek sinatutako Etika eta Jokabide Kodea ez betetzearen inguruko oharrak, kontsultak, iradokizunak, kexak edo salaketak jasotzeko eskumena du.

Etika eta Jokabide Kodearen sinatzailearen ekintzen edo ez egiteen larritasunaren edo ondorioen arabera, Etika Publikorako Batzordeak hainbat jarduketa proposa diezazkioke Gobernu Kontseiluari, hala nola, berehalako kargu uztea (baldin eta berariaz jasotako jokabide estandarrak ez betetzeari eragiten badio), organo eskudunari helaraztea, jokabide bati hasiera eman, instrukzioa egin edo zehapena jar diezaion. Gainera, Etika Publikoko Batzordearen eginkizunen artean Etika eta Jokabide Kodea bultzatzea ere badago.