Ostalaritzarako 22 milioiko laguntza berriek gaueko aisialdia eta enpleguaren babesa nabarmenduko dituzte

0

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarekin eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuarekin batera.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok, gaur Gobernu Kontseiluak onartu duen, euskal ostalaritzarako eta gaueko aisialdirako laguntza-programa berria aurkeztu du. 22 milioi euroko zuzkidura du, eta 2.000 eurotik 70.000 eurora bitarteko tarteetan banatuko dira establezimendu bakoitzeko, langile-kopuruaren arabera.

Javier Hurtado sailburuak azpimarratu du laguntzak bi helburu sendotatik abiatzen direla, alde batetik, «ahalik eta bidezkoenak eta justuenak izatea, eta kalitatezko enplegua defendatzea”; horretarako, hiru multzotan banatzen dira laguntzak, establezimenduaren kategoriaren eta eragin-mailaren arabera, gaueko aisialdia kaltetuenetakoa izan dela kontuan hartuta. Eta, bigarrenik, enpleguari eustean jartzen dute arreta; beraz, enplegu egonkorra saritzen duen formula baten bidez kalkulatzen da langile-kopurua. “Horrez gain, laguntza hauen baldintzetako bat da jarduera 6 hilabetez mantendu beharko dela, – orain arte 4 hilabete bazen ere –; helburu nagusia, hain zuzen ere, jarduerari eta enpleguei eusten laguntzea baita”, gaineratu du.

Sailburuak azaldu duenez, Euskadiko ostalaritzak orain arte 100 milioi euroko laguntzak izan ditu: 15 milioiko lehenengo Covid laguntzak, Euskadiko ostalaritzarako 30 milioiko laguntzak, gaueko aisialdirako 8 milioiko laguntza espezifikoak eta Espainiako Gobernuaren Errege Dekretuaren ondorioz Ekonomia eta Ogasun Sailaren bidez ostalaritzarako emandako 45 milioiak.  “Beti lagundu izan diogu jarduerari, beste sektore batzuetakoei bezala, pandemiaren ondorio diren inguruabarrek bereziki eragin dietenean”.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Gainera, ohikoa den bezala, Bingen Zupiria sailburuak, jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur onartutako beste hainbat akordio, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Lan eta Enplegu sailari dagokionez, Gobernu Kontseiluak Gizarte Ekonomiari buruzko Sailen arteko lehenengo Plan Estrategikoa ezagutu du gaur. Plan horren izenburua «Arlo kolektiboaren indarra, lurraldean errotua» da, Gizarte Ekonomiako familia guztien ikuspegi integrala hartzen du, eta inplikatutako Eusko Jaurlaritzako sailen ekarpenak barne hartzen ditu. Horri esker, koherentzia, osagarritasuna eta inplikatutako politika eta araudien koordinazioa eman daitezke, eta lau urtetan 328,5 milioi euroko inbertsio publikoa egitea aurreikusten da.

Gobernu Kontseiluak gaur onartu ditu BEFESA, BILBAINA DE ALQUITRANES eta CLH enpresen kanpoko larrialdietako planak. Kanpoko larrialdietako planak babes zibileko plan bereziak dira eta instalazio horietan gerta litezkeen eta enpresaren kanpoaldean eragina izan dezaketen istripuen aurrean kanpotik erantzuna antolatzea dute helburu.

Eusko Jaurlaritzako kontseiluak 2022rako laguntzen oinarriak onetsi ditu LEADER eremuetako landa-udalerrietako sustapen, garapen eta dibertsifikazio ekonomikorako, Euskadiko 2015-2020 aldiko Landa Garapenerako Programaren esparruan. Hain zuzen, plan horrek indarrean jarraitzen du 2023an NPE berria abian jarri arteko trantsizio-aldian. Ekitaldi honetarako zuzkidura ekonomikoa bederatzi milioi eurotik gorakoa da.

OSASUNA

Bere aldetik, Osasun sailburu Gotzone Sagarduik koronabirusak Euskadin duen eraginari buruzko datu eguneratuen berri eman du, baita ospitaleen egoeraren ingurukoak ere.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena