Bilboko Udalak otsailean ekingo die atzera ere herritar guztiendako foro irekiei segurtasun tailerren barruan

0

Bilboko Udalaren asmoa da datorren otsailean hastea berriz urian zehar banatuta dauden hamalau Segurtasun Tailerretako foro irekiekin, bertan behera utzi behar izan baitziren koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz.

Asmoa da Aste Santua baino lehen egitea horietarako guztietarako deialdia. Dagoeneko ezarrita dute ordua eta eguna: esate batera, Errekaldekoa otsailaren 14an egingo da, 19:00etan, auzoko Udaltegian eta San Ignaziokoa hurrengo egunean, otsailaren 15ean, Deustuko Barrutiko Udaltegian (Bidarte). Hilak 17, ordu berean, Uribarrikoa egingo da Auzo Faktory-n (Matiko 6).

Foro horiek lau hilean behin egingo dira, segurtasun sanitarioko berme guztiekin; herritar guztiek parte har dezakete, Segurtasun Tailerren barruan.

Gogorarazi behar da ezen tailer bakoitzean badela Foro Iraunkor bat auzotarrak ordezkatzeko, eta 10 edo 12 bat kidek eratzen dutela, auzoa ordezkatzen duten auzo-elkarteetako ordezkarien eta Udaltzaingoko agenteen artean. Foro hori hilean behin batzartzen da normalean, eta, bilkura horietan, irekitako kasuak ebaluatzen dira, ebatzitakoak ixten, eta berriak irekitzen.

Tailerretako foro iraunkorrak betiko moduan egin izan dira, eta, hala, 2021ean, 107 bilera egin ziren guztira, eta monografikoa bat ere bai Segurtasun Tailerren inguruan, 1. barrutian.

PARTE HARTZEKO SAREA

Segurtasunaren arloko auzo tailerrak abian jartzeko lana 2020ko abenduaren 23an amaitu zen, eta horixe da Segurtasunaren Aldeko Itunean jasotako konpromisoetako bat; Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek parte hartzen dute bertan.

Ia ehun elkartek (barruti guztietakoak) eratzen dute 14 tailerrak abian jartzeko asmoarekin sortutako herritarren parte hartzerako sarea. Zehazki, 95 elkarte dira Foro Iraunkorretan parte hartzen dutenak; gehienak auzo-elkarteak , emakumeen elkarteak, adinekoen elkarteak, adingabeekin eta kolektibo bereziki zaurgarriekin lan egiten duten entitateak eta merkatari-elkarteak.