Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak Orkonera-Lutxana industria-ondarearen bildumaren sorrera argitaratu du

0

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren agindu bat argitaratu du gaur, Orkonera-Lutxana Bilduma formalki sortuz eta Euskadiko Museo eta Bildumen Erregistroan inskribatuz.

Industria-ondare higigarriaren gordailua forma, neurri eta jatorri askotako 1.800 pieza inguruk osatzen dute; horien artean, laborategiko tresna txikiak eta bolumen handiko elementuak aurki daitezke, hala nola ibilgailu edo garabi industrialak.

Euskal Autonomia Erkidegoko industria-ondare higigarriaren ekoizpen-elementuak kontserbatzeko, berreskuratzeko, kudeatzeko, erakusteko, interpretatzeko, ikusarazteko eta haien balioa nabarmentzeko bilduma formalki osatzeko, Eusko Jaurlaritzak Barakaldoko Udalarekin hitzarmen bat adostu zuen Barakaldoko Lutxana auzoko Orkonera pabilioian lagatzeko. Orain arte, behin-behineko irtenbide modura, funtsak Bilboko Zorrotzaurre eremuko pabiloi batean egon dira.

Bilduma honek «Euskadiko Industria Ondare Higigarriaren Orkonera-Lutxana Bilduma» izena hartuko du aurrerantzean eta euskal industriako sektore tradizionalenen bilakaeraren erakusgarri izango da, hala nola meatzaritza, siderurgia, ontzigintza, makina-erreminta, papergintza, arte grafikoak eta antzekoak.

Orconerako instalazioak egokitu ondoren, dibulgazio-jarduerak jarriko dira martxan Euskadiko industria-iragana herritar guztiei ezagutarazteko. Ondare horretan oinarritutako ikerketa-lanak ere bultzatuko dira.