2023ko Frantziako Tourreko bigarren etapa Donostian amaituko da

0

2023ko Tourra

  • LeTour lasterketa handiaren aurkezpen ofizialean ibilbidearen xehetasunak eman ziren bart Gasteizen
  • Bilbo, Gasteiz, Donostia eta Amorebieta-Etxano izango dira Grand Départ Pays Basque 2023-ren irteera eta helmuga
  • Uztailaren 1ean, 2an eta 3an Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako errepideak zeharkatuko ditu Frantziako Tourrak Irundik Lapurdirantzko bidea hartuta

2023ko Tourreko Grand Départ proba Euskal Herritik egingo den bigarren irteera izango da, Donostiaren ondoren, 1992an, Miguel Indurainen horizko erregealdiaren hasieran. Hiru euskal lurraldeak izango dira protagonista 110. edizioaren hasiera markatuko duten hiru egunetan zehar. Bilbotik Donostiara, Gasteiztik igarota, tropelak errepide malkartsuetatik egingo du aurrera.

Gasteiztik irtengo da bigarren etapa hori, Legutioraino igo ostean, txirrindulariak Ibarratik sartuko dira Gipuzkoara. Handik, Goierri aldera joango dira, ondoren Andoaineraino joateko. Azken kilometroetan, Oarsoaldera joango dira, eta Hondarribitik Jaizkibel mendia igoko dute, handik Donostiarantz joateko. Hau da, Donostiako Klasikoaren antzeko ibilbidea egingo dute azken zatian, baina beste norabidean.

Grand Départ Pays Basque 2023

 

  • Uztailak 1 Etapa Bilbao > Bilbao, 185 km : Ibilbide biribila eta erabat bizkaitarra izango da. Bilbon hasi eta bukatuko da. Kostalde malkartsua eta Urdaibaiko Biosfera Erreserba zeharkatuko ditu, tartean Gernika bi aldiz zeharkatuz. Oso etapa gogorra izango da, zailtasun bat bestearen atzetik, eta amaiera gogorra izango du, Vivero eta Pike Bidea igoko dira azken kilometroetan.
  • Uztailak 2 Etapa Vitoria-Gasteiz > Donostia / San Sebastián, 210 km: Bigarren etapa Gasteiztik abiatuko da eta goi-lautadatik itsasorantz, Donostiara abiatuko da. Araban eta Gipuzkoan ibilbide gorabeheratsua egin ondoren, Jaizkibelgo azken igoerarekin egingo dute topo txirrindulariek, Donostiako Klasikoaren kontrako norabidean baina gogortasun berarekin.
  • Uztailak 3 Etapa Amorebieta-Etxano …: Amorebieta-Etxanon hasiko da Grand Départ Pays Basque-ko hirugarren eta azken etapa. Euskal kostaldea zeharkatuko duen hirugarren etapa izango da. 80 km egingo dituzte txirrindulariek itsasertzeko errepideetatik Donostia bigarrenez zeharkatu eta Irundik Lapurdiko bideetara igaro aurretik.