Azpeitian, 12 etxebizitza tutelatu izango dira epe motzean. Etxebizitza tutelatuetan mendekotasunik ez edo mendekotasun oso txikia izanik beren egunerokoari aurre egiteko zailtasunen bat duten adinekoei zuzenduriko zerbitzua eskainiko da. Etxebizitza horietan erabiltzaile bakoitzaren beharretara egokitutako zerbitzua eskainiko zaie. 4 solairu izango ditu eraikinak; beheko solairuan eremu komunak izango dira eta goikoetan, etxebizitzak.
Beheko solairuan, bulegoa, aisialdirako gurea, komuna, aldagelak, bainugela eta irakurtzeko edo Interneten ibiltzeko txokoa egokituko dira. Bertan, bizilagunak elkartzeko aukerak eskainiko dira. Ondorengo 4 solairuetan etxebizitzak egongo dira; solairuko 3 etxebizitza, zehazki. Etxebizitzek 50 eta 60 metro koadro inguru izango dituzte; etxebizitzaren arabera neurri desberdinetakoak dira. Etxebizitza bakoitzak 25 bat metro koadro inguruko sukalde-egongela, 10-15 metro koadroko logela bat eta 5-7 metro koadroko bainugela izango dute.
12 etxebizitza tutelatuak egiteko obrak 1.476.129,63 euroko inbertsioa egin du udalak eta 18 hilabetean eraikita izatea aurreikusten da.
Gizarte beharrei erantzuteko, lanean
Azken urteetan Azpeitiko Udala ahalegin handia egiten ari da gizarte behar berriak detektatu eta horiei erantzuteko. Bide horretan, adinekoen eta zaintzaren eremuari arreta berezia jarria dio. Hala, azterketa desberdinak egin ditu, behar zehatzetan erreparatu eta herritarren bizi kalitatea hobetzeko neurriak eta baliabide publikoak ipintzeko.
Adineko edo mendekotasuna duten zaintza erdigunean jarri eta benetako beharrei erantzungo dien kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzeko helburuarekin Gipuzkoako Foru Aldundiarekin ere eremu horretako beharrei erantzungo dien ekosistema bat osatzeko elkarlanean ere ari da udala. Elkarlan eta egiten ari diren azterketen ondorio gisa, Perdillegiko eremuan gizarte beharrei erantzungo dien eraikin berri bat egingo dela egin zuten bi erakundeek publiko iazko urtearen bukaeran.