Barakaldoko Udalak Gorostizako polikiroldegiko eraginkortasun energetikoa hobetuko du; udalerrian handienetako den eta energia-kontsumorik altuena duen instalazioetako bat. Hala, gaur egun kiroldegia eta igerilekuetako ura berotzeko erabiltzen diren gasolio-galdaren ordez, gas-sistema erabiliko da, sistema eraginkorragoa, jasangarriagoa eta ingurumenarekiko errespetutsuagoa. «Pasa den legegintzalditik ahalegin handia egin dugu kirol-instalazioak hobetzeko; barakaldarrek instalazio berritu, moderno eta jasangarriak izan ditzaten. Orain Gorostizako polikiroldegiari dagokio berritzea zerbitzu hobe bat eskaintzeko», adierazi du Iñigo Asensiok, Barakaldo Kirolak zerbitzuko presidenteak.
Gaur egungo instalazioa eraikin guztian beroa sortzen duten gasoliozko galdarek eta igerilekuko, aldageletako eta kafetegiko aireak tratatzeko klimatizagailuak osatzen dute. Kontratatutako berriztatzeak honako hauek barne hartzen ditu: galdara-gela gas natural bidezko berokuntza-sistema bihurtzea, igerilekuan hezetasuna kentzeko eta igerilekuko ura berotzeko xedearekin beroa berreskuratzeko ekipoak jartzea; kafetegia girotzeko aprobetxamendu-geotermikoa duen instalazioa; eguzki-instalazio fotovoltaiko bat, eta eguzki-instalazio termiko bat etxeko ur beroa sortzen laguntzeko. «Beharrezko jarduketa egingo dugu, galdara oso zaharra delako; eta beste jarduketa oso bat, zeinaren bidez, igerilekuen eta kiroldegiaren erabiltzaileei eskaintzen zaien zerbitzua hobetzeaz gain, instalazioen eraginkortasun energetikoa hobetuko baita», azaldu du presidenteak.
Egungo instalazioarekin, Gorostizako polikiroldegiak 2.192.119 kWh-ko energia-kontsumoa egiten du urtean. Galdara berriak energia-kontsumo hori urtean 788.791 kWh-ra jaistea ahalbidetuko du, beraz, gaur egungo kontsumoaren % 35 bakarrik kontsumituko da. «Bestela esanda, galdara berriarekin % 65 murriztuko da energia-kontsumoa gaur egungo kontsumoarekin alderatuta; beraz, merezi du», azpimarratu du Asensiok.
Kontsumoaz gain, gas naturalera aldatzeak, era berean, polikiroldegia martxan egoteak eragiten dituen CO2 emisioak murriztea ahalbidetuko du. Polikiroldegiak bi igerileku klimatizatu eta kirol-pabiloi desberdinak ditu. Gaur egun, gasolio-instalazioarekin, Polikiroldegiak 576.504 kg CO2 isurtzen ditu urtean. Galdara berriari esker, CO2-emisio hori urteko 166.581 kg-ra jaitsiko da, hau da, gaur egungo emisioen % 28. «Hau da, urteko Co2-emisioak % 72 murriztuko ditugu eta, horrela, Barakaldo garbiago, berdeago, jasangarriago bat sortuko dugu, hori baita denok nahi dugun Barakaldo», adierazi du amaitzeko.
Barakaldoko Udalak 645.712,92 euroko inbertsioa egin du (BEZa barne). Kontratua orain dela gutxi adjudikatu da eta obra datozen asteetan hasiko da.