PRUEBA
Aro berria hasiko da Usoa tailerrean. Eduardo Castañeda udal elkarteko presidenteak eta Argiñe Martínez zuzendari kudeatzaileak prentsaurrekoa eman dute gaur, Barakaldoko Udalaren Bitarteko Propio gisa eratzeak zer esan nahi duen azaltzeko eta desgaitasuna duten pertsonen gizarteratzearen eta laneratzearen erreferente izaten jarraitzeko proiektuak ezagutarazteko.
Joan den astean amaitu zen Usoa Tailerraren zuzendaritzak Udalaren Bitarteko Propioa izateko egindako prozesua. Erabaki horri esker, Usoak barakaldarren interes orokorraren alde lan egiteko zerbitzuak ematen jarraitu ahal izango du, beste enpresa batzuekin lehiatu beharrik gabe, eta horrek haien egonkortasuna eta lanpostuak bermatuko ditu.
Castañedak eta Martinezek gogorarazi dute Usoa Tailerra Barakaldok 80ko hamarkadan abian jarri zuen tresna aitzindaria dela, Minusbaliatuak Gizarteratzeko Legearen itzalpean, desgaitasuna duten pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko eredu gisa. Urteetan zehar, erakundea eboluzionatuz joan da, eta 2002an fundazio izatetik merkataritza-sozietate izatera igaro da, jarduera berriei eta enpleguaren sorrerari estaldura emateko, baina sorrerako helburuak ahaztu gabe. Zerbitzu-zorroa ere handitu egin da, gaur egun ondoko jarduerak ere egiten baititu: lorezaintza, garbiketa, laneko jantziak egitea, digitalizazioa, dokumentuak isilpean suntsitzea eta manipulazio-lanak.
Usoa Tailerraren azken arazoa 2017an gertatutako arau-aldaketa batekin sortu zen. Aldaketa horrek zaildu egiten zuen gizartearen zerbitzuen kontratazio publikoa, eta etorkizuneko aukerei eragiten zien. % 80ko fakturaziora iritsi behar genuen Usoaren jabe ziren erakunde publikoentzat; bestela, Udalarekin une hartan geneuzkan kontratuak kendu ahal izango zizkiguten. Hau da, proiektuak porrot egiteko benetako arriskua zegoen, Udalari zerbitzuak emateko ezin izango baikinen beste enpresa batzuekin lehiatu, edo egoera horri erantzuteko entitatea, elkar ulertzeko, Usoa ona eta txarra dei genezakeen horretan banatu beharko genuelako. Hori konpondu gabe zegoen Usoa Tailerraren agintea hartu nuenean», azaldu du Castañedak.
Lehendakariak gogorarazi duenez, gainera, Usoak beste behar batzuk ere bazituen mahai gainean. Eduardo Castañedak azaldu duenez, profil berriak sartu dira, jende gazteagoa eta, aldi berean, bizi-itxaropenak gora egin duenez, desgaitasunen bat duten pertsonek eta haien familiek zahartzearen ondoriozko beharrak kudeatzeko erronkari egin behar diote aurre.
Arazo horiei irtenbidea emateko eta etorkizuneko proiektu estrategiko bat eraikitzeko, 2020an zuzendaritza berriak bi erabaki hartu zituen: Gerentzia berritzea eta sozietatearen forma juridikoa Kontratuen Legearen eskakizunetara egokitzea. Hori dela eta, Argiñe Martinez izendatu zen, eta, ondorik, Udalaren bitarteko propio gisa eratu zen, erabakitzeko ahalmena galdu gabe, ez eta Usoa Tailerraren jarduerak errentagarritasun ekonomikoaren arabera bereizi gabe.