Eusko Jaurlaritzak ia milioi bat euro banatuko ditu 61 onuradunen artean “Beste Bat Berritzen” deialdiaren barnean

0

Euskal Herriko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak kaleratu du “Beste Bat Berritzen” deialdiaren ebazpena. Deialdia 2021eko urrian onartu zen Gobernu Kontseiluan eta arte biziak dinamizatzeko programa bat garatzea izan du helburutzat.

Covid-19ak eragindako osasun egoerari aurre egiteko ez-ohiko laguntza deialdia izan da pandemiak bat-bateko eta erabateko eragina izan duelako gure gizartearen esparru guztietan, eta hartutako neurriek jarduera ekonomiko asko geldiaraztea edo moteltzea ekarri duelako, tartean, zuzeneko arteen eta zinemaren sektoreko jarduerak. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren helburua zuzeneko arteen eta zinemaren sektoreari egoeratik berreskuratzen laguntzea izan da.

2021eko azken hiruhilekoan eta 2022ko lehenengoan zuzeneko arteak erakusteko programak eta Europako eta/edo Latinamerikako zinema erakusteko programak dira diruz lagunduko direnak.

Zuzeneko arteak

Zuzeneko arteak erakusketako 45 programa lagunduko dira 593.704 eurorekin.  Gehienak, 31, Euskadiko udal desberdinek eskatutako dirulaguntzak dira. Gainontzekoak, 14, bestelako erakunde edo elkartek eskatutakoak dira. Dirulaguntzak jaso dituztenek honako baldintza hauek bete behar izan dituzte:

  • Antzerkia, dantza, zirkua, bertsolaritza eta musika erakusteko programak izatea.
  • Programatutako ikuskizunak eta kontzertuak euskal konpainienak edo profesionalenak izatea.
  • Aurkeztutako programazio-proiektuak gutxienez 5 ikuskizun eta/edo kontzertu izan beharko ditu.
  • Aurkeztutako ikuskizun eta kontzertu guztietatik (antzerkia, dantza, musika, zirkua eta bertsolaritza) ezingo du % 60tik gorako programazio-pisua izan, musika-areto pribatuek izan ezik, horiek % 100eko musika-programazioa garatu ahal izango baitute.
  • Testu batean oinarrituta aurkezten diren ikuskizun eta kontzertu guztietatik, gutxienez % 60 euskaraz izango dira.
  • Astelehenetik ostegunera bitartean egongo dira programatuta emanaldiak, 20.000 biztanletik beherako herrietan kokatutako guneetan izan ezik; horietan, asteko edozein egun programatu ahal izango dute.
  • Urriaren 27tik 2022ko martxoaren 31ra bitartean egin ahal izango da programazioa.
  • Kanpoan geratuko dira ekitaldi tradizionalei lotutako emanaldiak edo beste herri batzuetan antzezteko diseinatuta ez dauden ekoizpenak.

Onuradunek 5.000 eta 26.000 euro arteko laguntzak jasoko dituzte.

Europako edo/eta Latinoamerikako zinema erakusteko laguntzak 

Beste Bat Berritzen deialdiaren barruan Europako edo/eta Latinoamerikako zinema erakusten duten 16 programa ere lagundu dira 336.159 eurorekin. Eskatzaileek honako baldintza hauek bete behar izan dituzte: 

  • Aurkeztutako programazio-proiektuak aretoko estreinaldiak diren edo estreinaldiaren ondorengo 4 asteetan programatuta dauden 10 film jaso beharko ditu gutxienez.
  • Urriaren 27tik 2022ko martxoaren 31ra bitartean egin beharko da programazioa.
  • Europar Batasuneko edo Latinoamerikako estaturen bateko nazionalitatea duten filmak baino ez dira kontuan hartuko.

Onuradunek 6.500 eta 25.000 euro arteko dirulaguntzak jasoko dituzte.

Modalitate bietako onuradunek dirulaguntzaren %40 berehala jasoko dute, Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren helburua pandemiaren kalteak arintzeko asmoz ematen diren laguntza hauek ahalik eta denborarik laburrenean jasotzea delako. Gainerako %60a jarduera egin dela egiaztatzean ordainduko da.