Gobernu Kontseiluak EAEko Larrialdi Aeronautikoen Plan Berezia onartu du, Estatu osoko ezaugarri horietako lehenengo plan homologatua

0

Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio Euskal Autonomia Erkidegoko Larrialdi Aeronautikoen Plan Bereziari. Babes Zibileko Kontseilu Nazionalak Estatuan homologatutako ezaugarri horietako lehenengo plana da. Plan hori “Euskadiko Babes Zibileko Planean” (LABI) integratuta dago, eta helburu nagusia du eskumenak dituzten administrazioek koordinatuta eta goitik behera kudeatzea Planean bertan deskribatutako larrialdi aeronautiko desberdinak. Gainera, Planak halako zerbait gertatzeko probabilitate handiena duten eremuak identifikatzen ditu, babes-neurririk egokienak hartzeko eta “harremanetarako pertsona” irudia barne hartzen duen arreta psikosozialerako programaren bidez biktimei eta familiarteko arreta emateko.

Planean honako kasuak jaso dira: airean doazen aireontzietako pilotuek deklaratu duten eta oraindik gertatu ez den istripua eragin dezakeen larrialdia; instalazio aeronautikoetan (aireportuak, aerodromoak eta heliportuak) gertatutako larrialdiak, aireontzien istripuek eragindakoak izan ala ez; autonomia-erkidegoko lurraldeko edozein lekutan gertatzen diren abiazio zibileko larrialdi aeronautikoak; eta autonomia-erkidegotik kanpora gertatutako larrialdiak, hegaldiaren jatorria, eskala edo helmuga Euskadiko aireportuetako bat bada.

Esku hartzeko aurreikusten diren ekintza-taldeez gainera (esku hartzeko taldea, segurtasuneko taldea, osasun-zerbitzuen taldea, talde logistikoa, laguntza teknikoaren taldea), Planak aurreikusten du “Arreta Psikosozialerako Programa” aktibatzea, eta horren barruan “harremanetarako pertsona” izeneko irudia oinarrizko elementua izango da bai abiazio zibileko istripuen biktimei eta horien familiartekoei laguntza emateko bai inplikatutako organismo guztiekin gai honetan koordinatuta jarduteko.

Plan hau abian jartzean Eusko Jaurlaritzak Euskadin segurtasun aeronautikoaren arloan dagoen araudia betetzen du. Egia bada ere gure autonomia-erkidegoan mugatuak direla era horretako arriskuak, segurtasun-sistemek izugarri murriztu baitute halako gertaerak izateko aukera, oraindik ere oroimen kolektiboak gogoan ditu gure inguruan halako hondamendi bat eragin zuten istripuak.