Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua Laudioko La Milagrosa ikastetxearen mendeurreneko ospakizunetan izan da gaur goizean. Ikastetxeak Ugarte auzoan dituen instalazioetan egin da ekitaldia, eta ekainera arte luzatuko den jarduera-agenda zabalari hasiera eman zaio honela. Hezkuntza-komunitatearen inplikazio zuzenarekin burutuko dira ospakizun horiek, hau da, familien, egungo zein lehengo ikasleen eta herriko bizilagunen parte-hartzearekin.
Ikastetxeko arduradunekin batera, ekitaldian partaide izan da Laudioko alkate Ander Añibarro ere, eta ikastetxeko ikasle ohi eta Laudioko alkate izandako Maria del Yermo Urquijok hasierako pregoia irakurri du.
2021-2022 ikasturte honetan La Milagrosa ikastetxeak 505 ikasle ditu, hasi Haur Hezkuntzan eta DBHraino (2 urtetik 16ra bitartekoak). Horien hezkuntzaz 58 irakasle arduratzen dira.
Hitza hartu duelarik, Bildarratzek eskerrak eman nahi izan dizkio La Milagrosa ikastetxeko hezkuntza-komunitateari, mende honetan hezkuntzaren alde egin duen lan guztiagatik. “Gaur egun berezia da ikastetxe honentzat, baina baita eskualdearentzat ere. Bihotzez eskertu nahi diot ikastetxeko zuzendaritzari egun hau zuekin guztiokin pasatzeko gonbidapena egin izana. Ikastetxe bat, ikasleak prestatzeko leku hutsa baino askoz gehiago da. Zentro hau erreferente bihurtu da azken ehun urte hauetan –esan, bizkor esaten da- hemendik igaro diren milaka pertsonentzat. Ziur orain seme-alabak hona ekartzen dituzten guraso asko ere, bertako ikasle izan ziren lehen, eta orain bilobak hemen eskolatuta dituzten amonak ere ikasle ohiak izango dira”.
Sailburuak, hezkuntzako profesionalek egunero egiten duten lana aitortzeko baliatu ditu bere hitzak, beste behin ere, eta azaldu duenez, “egia da garaiak aldatu direla, eta horrekin batera hezkuntza ere bai, baina hori, hein handi batean, irakasleak eta zuzendaritza taldeak egunero egiten ari diren ahaleginari zor diogu. Benetan uste dut, askotan ez garela jabetzen hezkuntzako profesionalek jokatzen duten rolaz, gure seme-alaben heziketarako, gauzak ondo ez doazenean haiei laguntza eskaintzeko, edo unean uneko metodologiarik egokienak diseinatzeko orduan”.
Argazki erakusketa
Gaur goizeko ekitaldi instituzionalarekin batera, argazki erakusketa inauguratu du ikastetxeak Laudioko Kultura Etxean. Ikastetxearen azken ehun urteetako historia eta hezkuntza jarduera errepasatzen dira bertan. Familiek, lehengo nahiz egungo ikasleek eta Laudioko bizilagunek utzi dituzte erakusketarako argazkiak. Apirilaren 2ra arte egongo da zabalik.
Datozen hilabeteetan solasaldiak, film-emanaldiak eta adiskidetasun-bazkariak izango dira Laudion, ikasle ohiak eta hainbat belaunalditako Guraso Elkarteetako ordezkariak bilduko dituztenak. Mendeurreneko ospakizunen agenda udaberrian amaituko da, herri osoari irekitako ekitaldiekin. Ekainaren 4rako, Arteguna jardunaldia antolatu dute, ikasleen adierazpen artistikoa erakusteko eguna, udalerriko hainbat lekutan. Egun horretan pintxo solidarioak banatuko dira. Azkenik, mendeurrena ospatzeko ekitaldiak ekainaren 18an amaituko dira, familientzako festa batekin.
Laudioko La Milagrosa ikastetxearen historia 1922an hasi zen, Karitateko Alabak herrira iritsi zirenean, ikasleen hezkuntzaz eta ospitale-asiloaz arduratzeko. Gaur egun Ugarte auzoan dago kokaturik ikastetxea, baina ehun urteko historia honetan hainbat leku igaro ditu, hala nola La Salleko eraikin zaharra edo Plazako eskola.