Donostiako Udalak neurriak hartu ditu Parte Zaharreko zamalanak kontrolatzeko

0

Donostiako Udalak hainbat neurri jarriko ditu abian Parte Zaharreko zamalanen sarbidea hobetzeko, joan den udan egindako ikerketaren emaitzak aztertu ondoren.

Pilar Arana Mugikortasun eta Garraio zinegotziak adierazi duenez, “eremu horretako erabiltzaileen arteko bizikidetzari lagunduko dioten hainbat jarduera egingo dira. Gune honek araudi espezifikoa du gainera, oinezkoentzako ingurune berezia baita”.

Lehenenik, Parte Zaharreko sarreretan dauden seinaleak ordezkatuko dira, bertara sartzen diren ibilgailuentzat argiagoak izan daitezen.

Bigarren neurria baimenik gabeko ibilgailuen sarrerak nola zamalanetarako eremuen erabilera desegokiak kontrolatzeko lana indartzea izango da.

Ezarri beharreko hirugarren neurria aurrerago gauzatuko da, horretarako egungo Zirkulazio Ordenantza aldatu behar baita. Aldaketa egiten denean, oinezkoentzako gunera sartu behar duten ibilgailu guztiek aldez aurretiko baimena eskatu beharko dute nahitaez.

Zamalanen azterketa

Mugikortasuneko Zuzendaritzak abuztuaren 5etik 11ra zamalanetarako ordutegian (7:00etatik 11:30era) egin zuen azterlanetik ateratako ondorioetan oinarrituta ezarriko dira neurri horiek. Azterlanaren helburua honakoa zen: Parte Zaharreko oinezkoentzako espazio publikoaren erabiltzaileen artean lanegunetan zamalanetarako ibilgailuentzat gordetako ordutegian sortzen diren egoerak egiaztatzea.