Euskadiko industriak zero isuri garbien helburua lortzeko ekintzen lehen fasea abiaraziko du

0

Birfindegi (Energia Klusterra), zementu (Aclima), siderurgia (Siderex), galdaketa (AFV) eta paper (Euskadiko Paperaren Klusterra) sektoreetako ordezkariak Donostian elkartu dira, Basque Net Zero Industrial Super Cluster ekimenaren lehen ekintza-fasea zehazteko. Ekimen hori iazko udazkenean abiarazi zen “2050ean zero isuri garbiko helburuak lortzeko”.

Topaketa horretan izan dira Arantxa Tapia Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua eta SPRIko hainbat ordezkari, eta bertan finkatu da datozen hileetan garatuko den lan-plana. Lan-plan horretan Iberdrola eta Petronor enpresek paper garrantzitsua jokatuko dute erakunde trakziogile gisa, besteak beste sektore horien deskarbonizazioa ahalbidetzeko garatzen ari diren edo aurreikusita dituzten jarduera-ildoak partekatuko dituztelako.

Ekimenaren lehen faserako diseinatutako lan-plana 2022ko apiriletik 2023ko apirilera luzatuko omen da, sei lan-esparrutan egituratuta:

  • Lau lan-esparru sekuentzial, ekintza hauetara bideratuta:
    • Lehentasunezko bost azpi-sektore industrialetan energia kontsumo handiena sortzen duten prozesu industrialak identifikatu.
    • Prozesu horretako energia kontsumoarekin lotutako CO2 isuriak murrizteko balizko teknologiak eta neurriak zehaztu.
    • Euskadiko egungo balio-katea edo balio-kate potentziala ebaluatu, identifikatutako teknologiak eta neurriak garatu eta eskaintzeko.
    • Aztertutako prozesu industrialetan aplika daitezkeen konponbide teknologikoen balizko proiektu pilotuak eta proiektu demostratzaileak identifikatu eta zehaztu.
  • Bi lan-esparru transbertsal, helburu hauekin:
    • “Basque Net Zero Industrial Super Cluster”-aren jardueren kudeaketa eta jarraipen organoak zehaztu.
    • Ekimenaren nazioarteko komunikazioa eta posizionamendua.

Identifikatu diren lanak garatu ahal izateko, “Basque Net Zero Industrial Cluster”-eko kideek adostu dute lizitazio bat argitaratuko dutela datozen asteetan SPRIren bitartez, laguntza teknikoa izateko 2022ko apiriletik 2023ko apirilera bitartean gauzatuko den lehen faseko lanak garatzeko.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiak aurkeztutako “Basque Net Zero Industrial Super Cluster” ekimena (urriaren 28an Euskadin eta azaroaren 3 eta 4an, Nazio Batuek Glasgown Klima Aldaketari buruz egin zuten 2021-COP26 konferentzian) da World Economic Forum-ek 2050erako 0 isuri garbiko helburua betetzeko sustatu duen ekimenean parte hartzera gonbidatutako lau eskualde-proiektuetako bat.

Zehazki, Munduko Ekonomi Foroak sustatutako “Industria klusterren zero emisio garbiranzko trantsizioa” ekimenaren helburua da  industria klusterrek zero isuri garbiranzko trantsizioan izan dituzten lorpenak nabarmentzea eta, horrela, beste kluster batzuei motibazioa ematea eta esperientziak nahiz jardunbide egokiak eskaintzea eurek ere konpromisoak har ditzaten trantsizio horretan.

Une honetan munduko ekonomiaren ia % 80k konpromisoa hartu duelarik zero isuri garbira iristeko, guztiz premiazkoa da behar diren urratsak ematea helburu anbiziotsu hori lortzeko, eta ezinbestekoa sektore industrialetako enpresek, batez ere  energia kontsumo handia dutenek (eta CO2 isuri handiak kontsumo horri loturik) paper garrantzitsuak jokatzea konpromiso horiek lortzeko ahaleginean.