EUSKO JAURLARITZAK INDARRIK GABE UTZIKO DU BIHAR COVID ZIURTAGIRIAREN ESKAKIZUNA EUSKADIN

0

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak bihar argitaratuko du azaroaren 17ko agindua bertan behera utziko duen Osasun Sailburuaren beste agindu bat. Bihar argitaratu eta indarrean sartuko den agindu berri horren bidez 50 lagunetik gorako jatetxeetara eta gaueko aisiarekin lotutako establezimenduetara sartzeko COVID  Ziurtagiriaren eskakizuna indargabetuta geldituko da.

Pandemiaren egungo bilakaera epidemiologikoa eta sanitarioa ikusita, baina batez ere Justizia Auzitegi Nagusiak ezezkoa eman ondoren COVID ziurtagiria eskatzeko guneak zabaltzeari buruzko Lehendakariaren abenduaren 14ko 47/2021 Dekretuaren indarraldia amaituta, koherentea da aipatutako agindua indarrik gabe uztea.

Osasun Sailak, agindua bertan behera uzteaz gain, prebentzio- eta autobabes-neurrien zuhurtzia-, segurtasun- eta zorroztasun-printzipioak betetzen jarraitzeko beharra berretsi du. Osasun Sailak herritarrei lankidetzarako deia egiten jarraitzen du, uste baitu norbanakoaren erantzukizuna lehen mailako bermea dela kutsaduraren hedapena saihesteko.

Gogoratu beharra dago bihartik aurrera ez dela beharrezkoa izango EBko COVID ziurtagiri digitala eskatzea Euskadiko establezimenduetan sartzeko, baina ziurtagiri horrek indarrean jarraitzen duela Europar Batasunaren barruan zirkulazio askea eta bidaiak errazteko.