Bizkaibusek bere historiako flota berritzerik handienetako bati ekingo dio 2022an, garraio publiko iraunkorragoa eta ingurumena errespetatzen duena lortzeko helburuarekin. Aurreikuspenen arabera aurten guztira 35 ibilgailu hibrido eta 6 ibilgailu elektriko sartuko dira, hau da, orain arte egin den inbertsiorik handiena flota gero eta garbiagoa eta emisioetan baxuagoa lortzeko.
Zerbitzuan daudenei gehituta, horrek esan nahi du urtearen amaierarako Bizkaibusek motorizazio hibridoko 76 autobus eta 6 autobus elektriko izango dituela, hau da, ia-ia flotaren laurdena (% 24,4).
Bitartean, Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Foru Saila Durangaldeko lineetan sartu ditu aurtengo lehenengo 5 autobus hibridoak. A3924 ERMUA – Durango – EHU linea horien artean dago, eskualdea Bizkaiko Campusarekin lotzen duena.
12 metroko ibilgailuak dira, I4L eredukoak, II. motakoak, Scania etxeak eginak. Euren motor elektriko indartsuagatik (177 CV) eta duten bateriaren gaitasun handiagatik (7,9 kWh erabilgarri), diesel moduan dituzten prestazio berberekin zirkulatzeko aukera dute. Horri esker ibilgailuek % 20 eta % 30 artean murrizten dituzte erregai-kontsumoak, eta % 29ra arte kilometroko CO2 isuriak, diesela soilik duen antzeko ibilgailu baten aldean.
Isuriei dagokienez kalkulatzen da 5 ibilgailu horien bizitza baliagarriaren 10 urteetan atmosferara 1.525 tona CO2 isurtzea saihestuko dela eta 435.000 litro gasolio aurreztea lortuko dela.
50 bidaiari eserita eramateko gaitasuna dute, eta gurpil-aulkientzako edo haur-kotxeentzako, dagozkien ainguraketekin, 2 espazio dituzte. Halaber, 4 eserleku dituzte erreserbatuta MMPentzat (Mugikortasun Mugatuko Pertsonak), sarrerako ateetatik hurbil eta kolore urdinez tapizatuta, berdeak diren gainerakoetatik bereizteko.
Solairu altukoak dira eta, ondorioz, plataforma jasotzailea dute, mugikortasun urriko pertsonei sarbidea errazteko.
Gainera WIFI 4G eta 2 USB kargagailu dituzte, eta horietan bidaiari guztiek euren gailu mugikorrak kargatu ditzakete.
Gidatzeko guneak manparak ditu gidariak COVID 19aren arriskutik babesteko. Ekipamendu hori Bizkaibuseko flota osoan instalatuta dago osasun-krisiaren ondorioz.
«Sailak eskatzen dituen baldintza guztiak betetzen dituzten ibilgailuak dira: teknologia hibridorik aurreratuena eskaintzen dute gas kutsagarrien emisioak murrizteko eta erregaia aurrezteko, eta erantzun ona bermatzen dute ibilbide luzeetan eta Bizkaibusekoa bezalako hiriarteko flota batek aurre egin behar dien zailtasun teknikoen aurrean» adierazi du Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Saileko diputatuak, Miguel Ángel Gómez Viarrek.