Barakaldarrek gaurtik aurrera Barakaldoko banderaren aldeko botoa eman dezakete

0

Barakaldarrek Barakaldo irudikatzeko gustukoen duten banderaren aldeko botoa eman dezakete gaurtik aurrera. Hiriak ez du bandera ofizialik, eta, hainbestez, Udalak joan den urtearen amaieran ekin zion Barakaldori bandera emateko prozesuari. Horretarako, Espainiako Bexilologia Elkarteari kontsulta egin dio, eta hark 5 proposamenen azterketa bat egin du kolore horia eta beltza konbinatzeko; izan ere, bexilologoek diotenez, kolore horiek dira Barakaldoko biztanleak hobekien identifikatzen dituztenak. Bozketa gaur goizean hasi da eta eguerdian 210 boto baino gehiago zenbatu dira. Parte hartzeko epea otsailaren 13ra arte dago zabalik.

Adituek bost bandera eredu bidali dizkiote Barakaldoko Udalari, horia eta beltza hainbat modutan banatuta, Barakaldok orain arte existitzen ez zen udal bandera ofiziala izan zezan iaz abian jarritako ekimenari erantzute aldera. Udalean granate koloreko estandarte bat baino ez dago, udalbatza soilik irudikatzen duena, ez baitu hiria bera irudikatzen. Bexilologia Elkarteak azterketa egin ondoren, barakaldarrek aukeratuko dute zein bandera nahi duten Barakaldorako.

Horretarako, bi bide jarri dira abian: aurrez aurrekoa eta telematikoa, parte-hartzea bultzatzeko. Aurrez aurre eginez gero, Udalak Infobarakaldoko (udal egunkaria) zenbaki berri bat helaraziko du etxeetara, eta, bertan, udal baliabideak aprobetxatzeko xedez, bozketan parte hartzeko orri bat sartu da. Orri horretan, banderen bost proposamenak erakutsiko dira, eta parte-hartzaileek aukera bakarra hautatu beharko dute.

Botoa baliozkoa izan dadin, boto-emaileak 16 urte baino gehiago izan beharko ditu eta Barakaldon erroldatuta dagoen biztanlea izan beharko da. Horrezaz gainera, betetzen den orria Udalak auzoetan jarriko dituen parte hartzeko postontzietan utzi beharko da, honako leku hauetan:

  • Barakaldoko Udala
  • Clara Campoamor Gizarte Etxea
  • Gurutzeta Kultur Etxea
  • Errekaortuko Kultur Etxea
  • Zuhatzuko Kultur Etxea
  • Burtzeñako plaza
  • Lutxanako plaza
  • Kastrexana plaza
  • Santa Teresa plaza
  • Lasesarreko kiroldegia
  • Barakaldoko Historia eta Ingurumena Interpretatzeko Zentroa (Mezpelerreka)
  • Arrontegiko osasun-zentroa
  • Llanoko Haur Eskola
  • Kareagako eskola zaharrak

Botoa telematikoki emateko, Barakaldoko webgunean eta Barakaldo aplikazioan sartu behar da, eta proposamenik gogokoena hautatu.

Udalaren Osoko Bilkurak berretsi behar du herritarrek aukeratzen duten eredua. Udalak onesten badu, Bizkaiko Batzar Nagusietara bidaliko da udal banderaren eredua, eta han berretsiko da. Bandera ofizialak hiriko armarria ere izango du itsatsita.