PRUEBA
Gaur goizean egin den Gobernu Kontseiluak 2022. Urtean euskara eta genero berdintasunari buruzko ikerlanak egiteko “Berdintzen” beken deialdia onartu du. Kultura eta Hizkuntza Politika sailak guztira 30.000 euro bideratuko ditu beka hauetara eta bakoitza 7.500 eurokoa izango da.
Honako hauek izango dira ikerketa-gaiak:
- Euskararen biziberritze prozesuak generoari lotuta ulertzeko ikerketa teoriko edo-eta metodologiko demolinguistikoak.
- Generoaren ikuspegia txertatuz eraikitzen diren Euskararen biziberritze prozesuei buruzko ikerketa aplikatuak.
- Generoa eta hizkuntza uztartzen dituzten corpus, komunikazio edo-eta diskurtso azterketak eremu ezberdinetan (hezkuntza, lan mundua, familia, aisialdia eta kirola…).
- Euskararen biziberritzean emakumeek izan duten paperari buruzko ikerketa lanak (ahozko ondarea baliatuz edo-eta ikerketa bibliografikoak eginez).
“Berdintzen” beken deialdia orain arte urte anitzekoa izan da eta aurten urtekoa izatea erabaki da orain arte aurkeztutako proiektuak ekitaldi bakarrean ondo garatzeko aukera egon dela ikusita.
Interesa dutenek agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian kaleratu eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epea izango dute eskariak aurkezteko. Ondoren hautaketa batzorde batek aztertu eta esleituko ditu bekak.