Gobernu Kontseiluak 2022rako zorpetze-eragiketak gehienez 1.429 milioi eurogatik egiteko baimena eman du

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua
PRUEBA

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak Zor Publikoaren jaulkipen bat edo gehiago egitea erabaki duela, eta gehienez ere 1.429.227.809 euroko mailegu-eragiketak hitzartzeko baimena eman du, Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen Legea aldatzen duen Legearen artikulu bakarrarekin bat etorriz. Zupiriak azaldu duenez, hemendik aurrera, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren esku geratzen da baimendutako zorpetze-eragiketak egiteko tresna eta modalitate zehatzak adieraztea, baita horien finantza-baldintzak ere.

Halaber, Ekonomia eta Ogasun sailari lotuta, Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Aurrekontua eta kontabilitatea gauzatzeko, Berreskurapen eta Erresilientzia Mekanismoari —BEM— lotutako jarduketak eta proiektuak kudeatzeko eta horien jarraipena egiteko administrazio-prozesuak ezartzen dituen agindua, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan. Eta horrek administrazio-erronka handia suposatzen du.

GOBERNU KONTSEILUAREN BESTE AKORDIOA BATZUK

Gainera, ohikoa den bezala, Bingen Zupiria sailburuak, jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur onartutako beste hainbat akordio, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Gobernu Kontseiluak Elkarrekin Podemos-IUren osasun mentalari buruzko lege proposamena izapidetzearen aurkako irizpidea eman du, bere ustez, finkatuko lituzkeen eskubideak indarrean dauden lege eta planetan jasota daudelako. Gobernu Kontseiluaren ustez, Euskal Autonomia Erkidegorako Osasun Mentalari buruzko lege batek ez luke ekarpen berririk egingo, bermatu nahi dituen eskubideak jadanik deskribatuta eta gure osasunari eragiten dioten gaixotasun eta patologiei buruzko lege eta jarduera planetan jasota baitaude.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak proposatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak Kable bidezko Garraioari buruzko Legearen proiektua onartu du gaur. Proiektuak erregulatu egiten ditu EAEn pertsonen kable bidezko mugikortasuna ahalbidetzen duten instalazioen proiekzioa, eraikuntza, zerbitzuan jartzea eta ustiapena, eta Legebiltzarrera bidaliko da eztabaidatu dezan.

Hezkuntzario dagokionez, Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du Doktoretza Ondoko Hobekuntza Programan parte hartzen duten ikertzaileei zuzenduriko laguntzak deitzen dituen agindu bat. Laguntza deialdi honek, 439.241 euroko guztizko zenbatekoa du eta ikertzaile doktore horiek atzerriko egonaldietako zentroetan dauden bitartean izan ohi dituzten ostatu-gastuak finantzatzea du helburu.

Azkenik, Kultura eta Hizkuntza Politika departamentuari lotuta, Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio euskararen erabilera sustatzeko eta kontsumitzaile eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideak bermatzeko helburuz sei finantza erakunderekin lankidetza hitzarmena sinatzeari. Bankoa Abanca, BBVA, Caixabank, Kutxabank, Laboral Kutxa eta Rural Kutxarekin sinatuko dira hitzarmenak hala ere aukera dago finantza entitate gehiagok ere bat egiteko. Erakunde sinatzaileek euskararen erabilera normalizatzeko planak egin eta bideratzeko konpromisoa hartuko dute.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena