Memoriaren inguruan urte luzez egiten ari diren lanketaren baitan, Azpeitiko Udalak eta Aranzadik memoriaren inguruan hitz egiteko eta sakontzeko mahaingurua antolatu dute otsailaren 15erako. Bertan, hiru emakume izango dira beren bizipenak eta hausnarketak azaltzen: Maria Jauregi, Idoia Zabalza eta Pili Zabala. Mahaingurua Javi Buces Aranzadi elkarteko historialariak gidatuko du.
“Memoriaren eta giza eskubide urraketen baitako lanketan sakontzeko alde desberdinetako biktimak entzuteko helbururuz antolatu dugu mahaingurua. Elkar ezagutuz eta entzunez egingo dugu bizikidetzan aurrera. Mahainguru hau bide horretan pauso bat gehiago izan dadin nahi dugu”, azaldu du Nagore Alkorta alkateak. Bucesek bere aldetik, mahainguruan parte hartzera animatu direnak eskertu nahi izan ditu: “Eskertzekoa da Jauregiren, Zabalaren eta Zabalzak beren bizipenak azpeitiarrekin elkarbanatzeko agertutako prestutasuna”.
Izen ematea, astelehenetik aurrera
Mahaingurua Basazabal Jauregian egingo da, eta aforo mugatua izango du. Horregatik, ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea 943 15 71 85 telefono zenbakira deituta.