Josu Erkoreka Lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak eta Andrés Zearreta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariak gaur eman diote hasiera ofiziala Euskal Poliziako agenteen formakuntza-ikastaro bateratu berriari. Bere esku-hartzean Josu Erkoreka Lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak agente berrien talentua nabarmendu du, eta adierazi du Euskadin delitu-modu berriei, besteak beste, ziberdelinkuentziari, aurre egiteko behar diren gaitasun eta trebezia berrituak dituzten gazteak direla. Alde horretatik, Euskadin ziberdelinkuentziak izan duen igoera geraezina azpimarratu du: Poliziak une hauetan ikertzen dituen 5 delituetatik 1 Internet bidez egiten da, batez ere ziberiruzurrak dira, eta Euskadin ikertzen diren iruzur guztien ia % 89 dira dagoeneko.
Josu Erkorekak, aukeraz baliatuz, behin berriro ere azpimarratu ditu Euskadin segurtasuna bermatzeko eguneroko zeregin konplexuan Euskal Poliziak dituen konpromisoa eta profesionaltasuna. Kidegoaren eraginkortasuna ere nabarmendu du datuetan oinarrituta, eta, esate baterako, aipatu du 2021ean delitu larri guztiak, gizartean alarmarik handien eragiten dutenak, dolozko homizidio burutu guztiak, argitu zirela.
PROMOZIO BERRIARI BURUZKO DATUAK
2021ean egindako hautaprobak gainditu dituzten 865 ikasle sartu dira Akademian, honela banatuta:
- POLIZIA-KIDEGOA: 706 ertzain izateko eta 159 Euskadiko 18 udaletako (Azkoitia, Basauri, Bermeo, Bilbo, Donostia, Durango, Etxebarri, Getxo, Hondarribia, Irun, Laudio, Lekeitio, Pasaia, Portugalete, Tolosa, Vitoria-Gasteiz, Zarautz eta Zumaia) udaltzaingoetako agente izateko prestatuko dira.
- SEXUA: 267 emakume (% 30,87) eta 598 gizon (% 69,13) dira.
- ADINA: gehienek (590 pertsona, % 68,2) 24 eta 33 urte bitartean dituzte.
- JATORRIA: gehien-gehienak Euskadin bizi dira. 102 Araban (% 11,8), 558 Bizkaian (% 64,5) eta 166 Gipuzkoan (% 19,2).
- EUSKARA: 753k (% 87k) egiaztatu dituzte euskarako B2 edo C1 mailak.
- IKASKETAK: 386k (% 44,6) goi-mailako ikasketak egiaztatu dituzte (graduak, lizentziak, etab.).
Gainera, formakuntza-ikastaro honetan beste 12 ikasle ere prestatuko dira euren hautaketa-prozesuak egin dituzten baina agenteak Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia formakutza egingo duten 3 udaletako (Trapagaran, Ondarroa eta Astigarraga) udaltzain izateko.
PANDEMIA GARAIKO DELITUEI BURUZKO DATUAK
Ertzaintzaren datuen arabera, 2021ean, jarduera kriminalak % 10,28 egin zuen gora Euskadin aurreko urtearekin, 2020arekin alderatuta. Kontuan izan behar da urte hori berezia izan zela eta delituek nabarmen egin zutela behera (ia % 19) konfinamenduaren, mugikortasunean ezarritako murrizketen, pertsonen arteko nahitaezko tartearen, pertsona-multzoen mugaren eta Covid-19ari aurre egiteko gainerako neurrien ondorioz. Horrela, delituen tasak gora egin badu ere, adierazi behar da pandemia aurreko, 2019ko, zifren azpitik jarraitzen duela: Covid-19aren aurretik baino % 10,25 delitu gutxiago erregistratu dira.
Delitu-motari dagokionez, Europar Batasuneko tipologia bateratuaren arabera estrategikotzat jotzen diren delituak kontuan hartuta, nabarmendu behar dira:
- Ziberdelinkuentzia: Ertzaintzak 2021ean ikertu zituen 5 delituetatik 1 Internet bidez egin zen. Delitu-mota horren igoera gelditu egin da 2021ean, baina oraindik ere oso esanguratsua da:
- 338 iruzur Internet bidez. Euskadin ikertutako delitu informatiko guztien % 89.
- Askatasunaren kontrako 651 delitu Internet bidez (mehatxuak, derrigortzeak, etab.) Gehien gora egin duen delitu informatikoa da: pandemia garaian bikoiztu egin da.
- Ondarearen aurkako delituak: Indarkeria eta beldurra erabiliz egindako lapurretak pandemia aurreko mailara itzuli dira, baina etxebizitzetako lapurretek 2019koen azpitik jarraitzen dute (% 25,9 gutxiago). Era berean, zifra baxuetan mantendu dira enpresetako, merkataritza-establezimenduetako eta leku itxietako lapurretak pandemia aurreko zifrekin alderatuta.
- Ingurumenaren aurkako delituak: Egonkor mantendu dira. 2021ean 2020an baino 8 arau-hauste penal gehiago erregistratu ziren, eta gehien errepikatu diren egintzak dira baliabide naturalekin eta ingurumenarekin zerikusia dutenak (46 kasu) eta animalien kontrako tratu txarrak (73 kasu).
- Droga-trafikoa: 2021ean % 8,4 egin zuten behera delitu horiek aurreko urtearekin alderatuta.
- Homizidioak: 2021ean Euskadin burututako 10 hilketak (2 Araban, 5 Bizkaian eta 3 Gipuzkoan) poliziak argitu ditu. Horietako hiru emakumeen kontrako indarkeria-kasuak izan ziren. Hiltzaileek aldez aurretik pentsatutako planei jarraituz egindakoak diren oso kasu bereziak kenduta, dolozko homizidioak, orokorrean, eztabaiden ondorioz edo eroaldiek, haserrealdiek edo zeloek eraginda izandako bat-bateko liskarren ondorioz gertatzen dira.
- Sexu-askatasunaren kontrako delituak: 2021ean gora egin zuten sexu-askatasunaren kontrako delitu penalek (694 kasu, 174 kasu gehiago, % 33,4 gehiago). Horien artean, gora egin zuten sexu-erasoek (186 gertatu ziren, 43 kasu gehiago, % 30 gehiago). Sexu-erasoen % 30 etxe barruan gertatu ziren. Berez, era horretako delitu gehien-gehienetan aldez aurretik harreman bat dago biktimaren eta erasotzailearen artean, eta horrek asko laguntzen du delitua argitzen; halakoak izan ziren kasuen % 85,6.
- Emakumeen kontrako etxeko indarkeria: 2021eko zifrak egonkor mantendu ziren iazkoekin alderatuta: 5.430 kasu erregistratu ziren.