Marcelino: “Neurketa hau da garrantzitsuena”

0

Marcelino Garcia Toralek hedabideen aurrean hitz egin du Lezaman, bihar bertan Katedralean jokatuko den Athletic eta Valentzia CF taldeen arteko Kopako finalerdietako joaneko partidaren atarian. Entrenatzaile asturiarrak argi dauka biharko partida kanporaketa honetako garrantzitsuena dela: “Norgehiagoka hau garrantzitsuena dela pentsatu behar dugu. Berehalakoena da, abantailaren bat lor dezakeguna. Jakinduriaz eta oso kontzentratuta jokatu beharko dugu. Badakigu San Mamesek lagunduko digula. Bihar errenta lortzeko aukera paregabea dugu Valentziara lasaiago joateko”.

Marcelinok adierazi du taldea ondo ikusten duela, biharko lehiaren aurrean gogotsu, soilik Valentzian buruan dutela: “Gu irabazten saiatuko gara. Bihar San Mamesen jokatuko dugu, zale zuri-gorrien bikainen aurrean, irabazteko eta itzuliko partida ahalik eta abantaila handienarekin jokatzeko lana egingo dugu. Ziurtatuta dagoena bi ikuskizun handi dira, bi agertoki handitan. Taldea ondo entrenatzen eta jokatzen ari da, eta konfiantza osoa dut biharko egunean erantzungo dutela. Finalean egon nahi dugu, lan egingo dugu horretarako eta horretan ahaleginduko gara. Bihar Valentziaren aurka jokatuko dugun partidan besterik ez dugu buruan”.

Biharko aurkariari dagokionez, honako hau nabarmendu du Athleticeko entrenatzaileak: “Aurrekoekin alderatuta, oso partida ezberdina izango dugu. Valentziaren jokoa ideia berezi batean oinarrituta dago eta oso zaila da horri aurre egitea. Lehietan boteretsu izatera behartuko gaituzte, eta gure zelaitik egin beharko dugu jokoa. Oso talde solidarioa da. Partida bizia, zaila eta etenaldi dezentekoa izango da. Oso ziur egon beharko dugu bi arloetan, baita jakinduriaz jokatu ere”.