Osasuneko Sailburuak erresonantzia magnetikoko ekipamendu berriak bisitatu ditu, Osakidetzaren Deustuko osasun-zentroan

0

Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuak, gaur goizean, Osatekek Osakidetzako Bilboko ESIan –zehazki Deustuko osasun-zentroan– instalatu dituen erresonantzia magnetikoko bi makinak bisitatu ditu. Gailu horiek diagnostiko goiztiarragoa eta zehatzagoa egiteko aukera emango dute zenbait patologiatan, eta interes berezia du onkologiaren eremukoak; izan ere, lesio onberen eta gaiztoen artean zehaztapen handiagoz bereizteko aukera ematen du.

Bi ekipo berri horietarako, 2.850.000 euro inguruko inbertsioa egin da, eta, haien bidez, urtean 20.000 miaketa baino gehiago egin ahalko dira eta profesionalek diagnostiko zehatzagoak eman ahalko dituzte. Hori horrela, Osasuneko Sailburuak esan du inbertsio hori beste urrats bat gehiago dela “osasun-eredu modernoa, eraginkorra eta kalitatekoa eraikitzeko”. Gainera, esan duenez, makina horien bitartez, Osakidetzako Bilbo Basurtoko eta Ezkerraldea- Gurutzetako erakunde sanitarioetako pazienteei emango zaie zerbitzu.

Erresonantzia magnetikoko bi ekipamendu berri horien instalazioa Osakidetza irudi bidezko diagnostikorako ekipamenduak berritzeko eta eguneratzeko egiten ari den  etengabeko prozesuan sartzen da; hala, denbora laburragoan kalitate handiagoko irudiak lortu, diagnostikoak hobetu eta ongizate hobea eskainiko da probak egitean, eta zehaztapen handiagoz bereizi ahalko da lesio onberen eta gaiztoen artean.

Bi gailu horiek pazienteentzako erosotasun handiagoa dakarte, eta, kasu berezienetan, antsietatea eta klaustrofobia murrizteko bide ematen dute. Bestalde, irudiak azkarrago eskuratzean, denbora laburragoa egon beharko da makinan, eta horrek aukera emango du pertsona kopuru handiagoari eman ahal izateko arreta.

Gailuek, halaber, zarata murrizteko sistema ere badute, eta horrek murriztu egiten du miaketa-gelako soinu-presioa % 96ra arte, miaketa batzuetan. Horrek nabarmen hobetzen du lan-inguruneko kalitatea ekipo profesionaletarako.

OSATEK

1992an sortu zenetik, OSATEK erreferente bilakatu da irudi bidezko diagnostikoan; zenbait patologia diagnostikatzen lagundu du, milioi eta erdi paziente baino gehiagotan, erresonantzia magnetikoaren bidez, eta, hori dela eta, EAEn sektore horretako lider argi bilakatu da. Osatek aitzindaria izan da erresonantzia magnetikoaren aplikazio berriak abian jartzen, besteak beste, 3D angiografia kontrastatua, kolangiopankreatografia edo garuneko perfusioa.