Gazteen Euskal Behatokia: emakumezkoen presentzia gizonezkoena baino handiagoa da Euskadiko unibertsitateetako gradu zientifikoetan

0

2019/2020 ikasturtean, 1.588 emakume matrikulatu ziren Euskadin eskaintzen diren Zientzien adarreko unibertsitate-graduetako kurtsoren batean. Azken urteetan, gradu zientifikoetan matrikulatzen diren emakumeen proportzioa gizonena baino pixka bat handiagoa da, baina aldeak ez dira oso nabarmenak.

Bihar, otsailak 11, ostirala, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna dela eta, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Gazteen Euskal Behatokiak hainbat datu aurkeztuko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateetan Zientzien adarrean matrikulatutako eta graduatutako ikasleen bilakaerari buruz.

2019/2020 ikasturtean (Eustaten datuak oinarri hartuta), 295 emakume graduatu ziren euskal unibertsitateetako gradu zientifikoren batean, orain arteko kopururik altuena. Horrek esan nahi du ikasturte horretan Zientzietan graduatutako pertsona guztien % 54,0 emakumeak izan zirela.

2013/2014 ikasturtetik 2019/2020 ikasturtera bitarteko bilakaeraren azterketak erakusten duenez, Zientzien adarreko graduren bat amaitu dutenen artean, emakumeen proportzioa beti da gizonena baino zertxobait handiagoa.

Zientzien adarreko graduetan matrikulatutako eta graduatutako emakumeen arteko proportzioa kalkulatuz gero, gizonena baino handixeagoa dela ikus dezakegu, beraz, ondoriozta dezakegu emakumeek zientzien graduak gizonek baino neurri handiagoan aukeratu ez ezik, bukatu ere neurri handiagoan egiten dituztela.

Sailkapen ofizialaren arabera, honako gradu hauek sartzen dira Zientzien adarrean: Biologia, Biokimika eta Biologia Molekularra, Bioteknologia, Elikagaien Zientzia eta Teknologia, Ingurumen Zientziak, Fisika, Geologia, Matematika eta Kimika.

2019/2020 ikasturtean horietako gehienetan emakume gehiago graduatu ziren, gizonak baino; salbuespenak Fisika eta Geologia graduetan gertatu ziren, kasu horietan gizonezko tituludunak emakumezkoak baino gehiago baitziren.

2019/2020 ikasturtean Zientzia adarrean graduatutako emakumeen ehunekoa, Euskadiko unibertsitateetan ikasturte horretan graduatutako emakume guztiekiko, % 5,0 da.