Ikerketa-proiektuetan murgilduta dauden emakumeen kopuruak jarraitzen du handiagoa izaten Osakidetzan

0
PRUEBA

Osasun Sailak eta Osakidetzak, aurten ere, haien zentroetako (Bioaraba, Biocruces-Bizkaia, Biodonostia eta Kronikgune) ikerketa-arloko profesionalekin batera, bat egin dute Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunarekin; haren helburua da emakumeek eta neskek sektore horretan erabateko sarbide zuzena izatea.

Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak zientziaren eta teknologiaren eremuan berdintasun-politikekin duten konpromisoa eta bikaintasunaren ikerketaren eta berrikuntzaren alde egiten duten apustua berretsi nahi dituzte. Izan ere, zentzu horretan, zientziaren, teknologiaren, ingeniaritzaren eta matematiken sektoreetan urteak daramatza genero-arrakalak, mundu osoan.

EAEn ez da hala; bertan, Osakidetzaren Bioaraba, Biocruces Bizkaia, Biodonostia eta Kronikgune zentroetan bikaintasuneko osasun-ikerketako proiektuak garatzen dituen emakume kopurua gizonena baino handiagoa da. Zehazki, Osakidetzaren zentroetan osasun-eremuan ikerketan murgilduta dauden 2.789 pertsonetatik, % 66 baino gehiago emakumeak dira (2.789tik 1.840).

Igoera hori proiektu horien lidergoa beren gain hartzen duen emakume kopuruan ere ikusten da. Zehazki, ikertzaile nagusien % 53 emakumeak dira (400dik 212).

I+G+b arloarekin zerikusia duen jarduera dela eta, hura % 8 hazi da 2021ean, EAEn. Hori horrela, nabarmentzekoa da garatzen ari den proiektu kopurua –saiakuntza klinikoak barne– % 70 hazi dela azken bost urteotan, bai eta EAEko enpresekin eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agenteekin elkarlanean eginiko proiektuen kopurua ere –gaur egun 99 dira–.

EAEko osasungintza-sisteman ikerketek honako gai hauei heltzen diete, besteak beste: onkologiako eta neurologiako I+G (% 18 eta % 16, hurrenez hurren); ondoren, hurrenkeraren arabera, mikrobiologiaren eta gaixotasun infekziosoen, endokrinologiaren eta psikiatriaren arloak (arlo horietara bideratutako ikerketa-proiektuen % 6 eta 10 bitartean guztiak).

Gainera, legealdi honetan, osasun-berrikuntza eta -ikerketa sustatzen jarraitzeko, honako estrategia eta tresna hauek onetsiko dira: 2021-2024rako Osasuneko Ikerketa eta Berrikuntza Estrategia berria eta osasun-ikerketarako tresna estrategiko berria, 2030erako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren eta RIS3 Espezializazio Adimentsurako Estrategiaren esparruan.