Lorea Bilbao Ibarra, Euskara, Kultura eta Kiroletako foru diputatuak, eta Nerea Lupardo, Euskalduna Jauregiko zuzendari nagusiak, «Bizi Euskalduna» ekitaldi programa aurkeztu dute, baita asteburuetan berriro aktibatuko diren doako bisita gidatuen berri eman ere.
Datorren otsailaren 26an, Jauregia herritarrengana hurbiltzeko aukera eskainiko da, Euskalduna inklusibo, ireki eta parte-hartzailearen aldeko apustua eginez. Horretarako, Euskaldunak, «Bizi Euskalduna» leloa eramango duen ekitaldi-programa, eta bisita gidatu irisgarri eta antzeztuak antolatu ditu.
«Bizi Euskalduna» ekitaldiz betetako jardunaldia izango da, eta ez dira faltako tailerrak, erakusketak, bisita gidatuak, jardunaldiak, musika-emanaldiak, familiei zuzendutako ikuskizunak eta Garapen Jasangarrirako Helburuei buruzko erakusketa. Otsailaren 26ko egun horretaz gozatu ahal izateko, ezinbestekoa izango da erreserba aldez aurretik egitea. Jarduerak doakoak izango dira, umeentzako Botadun katua ikuskizuna, BOSen eguna eta musika-emanaldiak izan ezik.
«Bizi Euskalduna». Esperimentatzeko espazioa.
Otsailaren 26an Euskalduna Jauregira egingo den bisita gidatuarekin hasiko da jardunaldia. Ondoren, Garapen Jasangarrirako Helburuei buruzko 17 pieza labur proiektatuko dira, eta gai horri buruzko tailer didaktiko bat egingo da umeentzat. Ondoren, hizlariek LGTBI turismoa aztertuko duten genero-konferentzia batera joateko aukera izango dute parte-hartzaileek. 11:30etik aurrera txikienek familia osoari zuzendutako hainbat ikuskizunez gozatzeko aukera izango dute, hala nola zirkutailerra, ipuin kontalaria eta Glu Glu Producciones-en Botadun katua lana. Gainera, 0A aretoan «Inspiringirls» ekimenari buruzko hitzaldia gauzatuko da.
Bazkaltzeko etenaldiaren aurretik, bisitariek OLBE BILBAO OPERAren hitzaldi batekin gozatu ahal izango dute. Hitzaldi horretan opera bat muntatzeko gakoak garatuko dira. Ondoren, Arymux Antzerki eta Dantza Konpainiako Rakel Rodriguezek emandako Antzerki Zeinudantza ikuskizun inklusiboarekin jarraituko dugu.
Arratsaldean beste zirkutailer saio bat egingo da Urban Hall-en. Ondoren, Bilbao Orkestra Sinfonikoaren eskutik, «Musikaz Blai» jardunaldi-heziketa tailerra eta Borja Niso piano-jotzaile eta konpositorearen piano errezitaldia Auditorioan. Ez dira faltako ipuin kontalaria eta beste Antzerki Zeinudantza saio bat. Amaitzeko, arratsalde erdian LGTBI kolektiboaren trans musika emanaldia izango dugu eta, ondoren, Anariren kontzertua Urban Hall-en. Gainera, Galerna taldeak Getxoko McEnroe taldearen telonero lana egingo du 0B aretoan eta Belako talde bizkaitarrak itxiko du programazioa Auditorioan.
Bisita gidatu irisgarriak Jauregira
Eraikina hiriaren eta lurraldearen ikono bihurtu duen diseinu eta arkitektura paregabea ditu Euskaldunak. Bisitaldi horren bidez, ikusleek Euskaldunako txoko, istorio, pasadizo eta berezitasunak ezagutuko dituzte. Zentro irekia eta inklusiboa da, eta pertsona guztiek eta, bereziki, irisgarritasun-premiak dituztenek kulturaz gozatzeko aukera izan dezaten egiten du lan.
Bisita, zabalgune nagusian hasiko da eta eraikineko espazio eta areto nagusiak zeharkatuko ditu. Pertsona guztiengan pentsatuz dago diseinatuta. Ordubete eta hamabost minutu inguruko iraupena izango du, eta gehienez 20 lagunentzako lekua. Sarrerak online eros daitezke, izan ere, bisitak doakoak diren arren, aretoen jardueraren mende daude eta okupazio horren arabera antolatzen dira. Une honetan, bisitak egun hauetan daude programatuta: otsailaren 19an, martxoaren 12an, 20an eta 26an, apirilaren 2an, 9an, 14an, 15ean, 16an, 17an, 18an, 23an eta 30ean, maiatzaren 7an, 21ean eta 28an, ekainaren 4an, 18an eta 25ean, eta uztailaren 2an, 9an, 16an, 23an eta 30ean.
Ezarritako ibilbidea mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta dago; entzumen-muga duten pertsonen kasuan, ibilbidean 10 bide daude markatuta, QR kodeen bidez deskargatu eta gailu mugikorretan zeinu-hizkuntzarekin instalatu daitezkeen 10 bideorekin. Euskaldunara hurbiltzen direnek eraikinaren xehetasunak eta pasadizoak ezagutuko dituzte. Gainera, Euskaldunako terrazez gozatu ahal izango dute, baita Jauregia beste ikuspegi batetik ikusi eta bertan dauden elementu artistikoak ezagutu ere.