Etxebizitza Sailak alokairu babestuko berrogeita hamar etxebizitza inguru adjudikatzeko prozesua hasi du Legution

0
Viviendas
PRUEBA

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak gaur argitaratu du Legutioko Ibarra kalean alokairuko 42 etxebizitza adjudikatzeko prozesua hasteko agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Horrela, izena emateko hamar egun balioduneko epea irekiko da, eta otsailaren 28an amaituko da.

Bi eraikin dira, eta udalerriko kirolgunearen, liburutegiaren eta ikastetxearen ondoan daude, urtegira begira. Lau solairu dituzte. Beheko solairua merkataritza- eta ekipamendu-erabilerara zuzenduta dago, eta sotoan garaje-plaza bat dago etxebizitza bakoitzeko.

Familiak sartuko diren berrogeita hamar bat etxebizitzetatik 19k hiru logela dituzte, 11k bi logela —horietako hiru mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta daude—, eta 12k logela bat. Horiek guztiak alokairuko etxebizitzak dira, Etxebizitza Legeari eta Etxebizitza Sailak alokairuko parke publikoa bultzatzeko ezarritako politikei jarraituz.

Bizitegiak, lehentasunez, Legution erroldatuta dauden eta gutxienez 2 urteko antzinatasuna duten alokairuko etxebizitzen eskatzaileentzat dira. Horiek eskuratzeko eskakizunak dira jabetzan etxebizitzarik ez edukitzea eta 9.000 eta 39.000 euro bitarteko diru-sarrerak izatea —gutxieneko diru-sarreren baldintza ez da eskatzen mugikortasun urria edo desgaitasun psikikoa duten, genero-indarkeriaren biktima diren edo etxebizitza izateko eskubide subjektiboa aitortuta duten pertsonentzat—.

Zona horretan egun dagoen eskaria kontuan izanda, kupoak ezarri dira kolektibo jakin batzuei etxebizitza-premia berezia izateagatik lehentasuna emateko (gazteak kasu). Kupo ugariena, 15 etxebizitzakoa (sustapen honen % 38,5), gutxienez titularretako bat 36 urtetik beherakoa duten bizikidetza-unitateentzat erreserbatu da, % 23 (bederatzi etxebizitza) etxebizitza-premia berezia duen pertsonarentzat, % 5 (bi etxebizitza) etxebizitzarako eskubide subjektiboa duten pertsonentzat, eta hamahiru etxebizitza (sustapenaren % 33,5) kupo orokorrera zuzenduta daude.