Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak lurralde atlantikoak “konponbidearen zati” gisa aldarrikatu ditu ozeanoak arriskuan jartzen dituzten kutsadura eta gehiegizko ustiapenaren arazo larriei aurre egiteko.
Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak One Ocean goi-bileran parte hartu du goizean Brest‑en (Bretainia), Europar Batasuneko Kontseiluaren presidentetza frantsesak deituta, eta, ondoren, Itsasertzeko Eskualdeen Foroan parte hartu du, Arku Atlantikoko Batzordearen ordezkari gisa, Euskadi da-eta batzorde horren buru. Itsas Eskualde Periferikoen Konferentziak (CRPM) antolatu du foro hori.
Bresteko goi-bilera Emmanuel Macron presidenteak deitu du, eta bertan estatuburuak eta gobernuburuak, erakunde multilateraletako buruak, enpresa-liderrak eta gizarte zibileko arduradun politikoak bildu dira. Marian Elorza Itsas Eskualde Periferikoen Konferentziako (CRPM) ordezkaria izan da, eta Arku Atlantikoko Batzordearen izenean egon da, Euskadi da-eta batzorde horren buru.
Foroan izan duen hitzaldian, Marian Elorzak adierazi du ozeanoen kutsadura-egoerari buruzko ebidentziak oso kezkagarriak direla; eta, aldi berean, konponbidearen zati gisa aldarrikatu ditu Arku Atlantikoko Batzordea osatzen duten lurraldeak, ia 2.500 km-ko itsas fatxada atlantikoa hartzen dute-eta batzorde horrek biltzen dituen autonomia‑erkidegoek eta eskualdeek. Esan du URDINIK gabe ez dela trantsizio berderik izango gure lurraldeetan.
Beste une batean, Eusko Jaurlaritzak itsasoko energia berriztagarriei laguntzeko egin duen ibilbide luzea aipatu du, eta ziurtatu du Europan zabor plastiko eta mikroplastikoek itsasoan duten eragina murrizteko proiektu ugari daudela eta proiektu horietan AZTIk, erreferentziako gure teknologia-zentroak, parte hartzen duela.
Horrela, iragarri du Eusko Jaurlaritzak laster Plastikoen Ekonomia berri baterako Konpromiso Globala sinatu eta helburu zehatzak bere gain hartuko dituela. Arku Atlantikoko beste kide batzuk dinamika horrekin bat egin dezaten sustatzeko konpromisoaren berri ere eman du.
Azkenik, Jean-Yves Le Drian Frantziako Kanpo Arazoetako ministroak eta Virginijus Sinkevicius Europako Ingurumen, Ozeano eta Arrantzako komisarioak foroan parte hartu dutela baliatuta, Marian Elorzak berriro eskatu du Makroeskualde Atlantikoa sortzea: lankidetza-formula berri bat, estrategikoagoa, eta gobernu-maila guztien parte-hartze zuzenarekin, aurrez aurre ditugun erronkei aurre egiteko.