Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua elkarrizketatu dute gaur eguerdian Onda Cero irratian, eta hezkuntza-arloko hainbat gai izan ditu hizpide bertan, besteak beste, Eusko Legebiltzarreko Ponentzian Hezkuntza Hitzarmenaren inguruan hasi den hausnarketa.
Gai honi dagokionez, Bildarratzek adierazi du “une aparta dela hau, hezkuntza garrantzia handiko gaia baita herri batentzat. Une honetan, herri honen etorkizuna definitzen ari gara, hezkuntzaren bidez. Baina dokumentu horren edukia laburbildu beharko banu, esango nuke dokumentu horren ardatza edo iparra ikaslea dela, eta honek hezkuntza integrala jasotzea”.
Ikaslea erdigunean kokatzeaz gain, sailburuak ikastetxeen ahalduntzea azpimarratu du, joan den astean Legebiltzarrean aurkeztu zen “XXI. mendeko hezkuntzarako oinarriak” dokumentuaren beste ezaugarri garrantzitsu gisa. Ahalduntze eta autonomia horren bidez, ikastetxe bakoitzak bere hezkuntza-proiektua garatuko du, eta horren barruan bere hizkuntza-proiektua, bere ekosistema soziolinguistikoari erantzunez. Bildarratzek nabarmendu duenez, ahalduntze horretan protagonismo garrantzitsua dute ikastetxeetako zuzendaritzen lidergoak, klaustroek, familiek eta hezkuntza-komunitate osoak.
Hizkuntzei dagokienez, Bildarratzek gogorarazi zuen 1982ko Euskararen Legeak ezartzen duela, orain Legebiltzarreko Ponentziaren lehen zirriborroak islatzen duen bezala, derrigorrezko hezkuntza amaitzen duten ikasleek eskubidea dutela Euskadiko bi hizkuntza ofizialak ezagutzeko eta horietan eskumena izateko.
Eztabaida positiboa
Hezkuntza sailburuak eztabaida honetan aurkitzen duen izendatzaile komuna, Euskal Hezkuntza-sistemaren barruan “eskola publikoak duen esentzialtasuna” da. Mahai gainean dagoen eztabaida oso positiboa dela nabarmendu du, Euskal Hezkuntza Sistema izugarri indartuko baita honekin. Gogorarazi du legebiltzar-talde bakar bat ere ez zela lantaldea sortzearen aurka agertu, eta alderdi guztien ustetan dela oso garrantzitsua lege berri bat izatea. Ildo horretan, eztabaida honetan funtsezko galdera honako hau izan behar dela adierazi du: «Zertan egiten die mesede dokumentu honek ikasleei?».
COVID-19ari aurre egiteko protokoloari dagokionez, Bildarratzek adierazi du pandemiaren bilakaera ikusten jarraitu beharko dela neurrietan malgutze berriak egin ahal izateko. Oraindik pandemian jarraitzen dugula gogorarazi du, eta protokoloan edozein aldaketa egiteko orain arte bezala Osasun Sailarekin batera lan egingo dela, zentroei eta zuzendaritzei entzunda.
Azken bi asteetan, Euskadin itxitako ikasgelen kopurua hamarretik behera mantendu da, eta, horretarako, txertaketak berebiziko garrantzia izan du, Bildarratzen hitzetan.