Larrialdi Egoera bertan behera geratu den egunean, Osasun Sailburu Gotzone Sagarduik elkarrizketa eman du Euskadi Irratian. Bertan, sailburuak esan du susperraldiko aro berri baten aurrean gaudela eta “itxaropenez” begiratzen diola etorkizunari, “betiere zuhurtzia galdu gabe eta ahaztu gabe pandemiak gure artean jarraitzen duela”. Horrela, gogorarazi du pandemiaren bilakaera beheranzkoa dela eta horretan oinarritu dela Jaurlaritza neurriak ezartzerako orduan.
Zentzu honetan, Sagardui sailburuak azaldu du berak sinatutako aginduaren asmoa da babes neurriak bete ezin diran lekuetan, zuhurtziaz aritzea dela, batez ere, jende pilaketak dauden egoeran. Izan ere, oraindik ere pandemia gaudelarik, ekitaldiak egungo egoerara egokitu behar direla adierazi du.
Osakidetza ere aro berri honetara egokitzen ari dela azaldu du sailburuak, lehentasuna zaurgarrienetan jarriz baina arreta behar izana duen orori emanaz. Gainera, esan du, pandemiaren bilakaera behera doan heinean, Osakidetzak normaltasuna berreskuratzen joango dela, baina, hala ere, kontuan izan behar dela covid-19 duten pertsonen osasuna zaintzeak izan dezakeen eragina, esaterako, kontsultetan edo kirurgietan.
Txertaketari buruz, Osasun sailburuak onartu egin du errefortzuzko dosiaren txertaketa «motelago» doala, baita haurren txertaketa ere. Azken honen inguruan, sailburuak azaldu du talde honetako ume asko kutsatu egin direla eta hori izan daitekela arrazoia. “Osakidentzak argi dauka: txertoa da babes neurri eraginkorrena COVIDari aurre egiteko”, azpimarratu du.
GREBA
Sindikatuek deitutako greba egunen inguruan, sailburuak esan du ez dela garaia greba egiteko, susperraldirako garaia dela, baizik. Sagarduik zailtasunak daudela onartu badu ere, ukatu egin du murrizketak daudenik eta datuekin argudiatu du. Alde batetik gogorarazi du Osasun Saila izan dela aurrekontu handiena izan duen saila, “azken urteotan hazten joan dena”. Bestetik, azpimarratu du biztanleko osasun gastua Estatuko altuena dela: 1.984 euro bideratzen ditugu pertsona bakoitzeko osasun-gastura. Langileei dagokionez, sailburuak nabarmendu du Osakidetzako aurrekontuaren bi heren langileentzako izango direla eta Osakidetzan ez dela inoiz pandemian adina jende kontratatu: pandemiaren ondorioz, 4.000 pertsona gehiago ari dira lanean Osakidetzan hilero 2019an baino. Inbertsioei buruz, adierazi du 107 milioi euro inbertsioetara zuzenduko direla, horietatik 20,5 milioi Lehen Mailako Arretarako. Gainera, adierazi du lan eskaintza publikorako deia ere eginda dagoela.
BIHOTZ KIRURGIA
Basurtuko Kardiologia Unitatea Gurutzetakoarekin bateratu eta egoitza Gurutzetan jartzeko aukerari buruz galdetuta, Sagardui sailburuak azaldu du antolakuntza neurri bat baino ez dela. Osasun sailburuak azpimarratu du Osakidetzaren helburua ahalik eta zerbitzurik eta arretarik onena ematea dela eta horretarako sarean lana egitea ezinbesteko dela. “Gaur egungo medikuntzak prozedura zehatzak ditu eta horietarako beharrezkoa da zerbitzua bateratzea”, esan du. Gainera, ziurtatu du Basurtuko profesionalak ez direla desagertuko, Osakidetzaren beste instalazio batzuetan jardungo dutela baizik.
ARABAKO ESIko LARRIALDIAK
Bestetik, Sailburuak balorazio ona egin du Arabako ESIko Larrialdi zerbitzua Txagorritxun bateratzearen inguruan. Sagarduik esan du ez dela inolako zerbitzurik kendu Gasteizen, berrantolaketa bat izan dela azpimarratu du.