Zabalik da 2022ko ‘Segi ezan’ programaren izen ematea

0

Laugarren urtez ‘Segi ezan’ programa abiatuko du Hegalak Zabalik Fundazioak Donostiako Udaleko Berdintasun Sailarekin elkarlanean. Indarkeria matxistari aurre egiten dieten emakumeen bizi-kalitatea hobetzea, eta jabekuntza fisiko eta emozionala du helburu. Horretarako, astean behin jarduera fisikoan oinarritutako taldeko saioak egingo dira.

Proiektuak urte batzuk daramatza martxan, eta orain arteko ebaluazioak oso onak izan dira: parte hartu duten emakumeek balorazio positiboak egin dituzte, eta beraien bizi kalitatea hobetu dela adierazi dute. Hain zuzen, ikerketa askoren arabera, kirola eta ariketa fisikoa autoestimua berreskuratzeko tresna eraginkorrak eta oso baliotsuak dira. Programan edozein emakumek eman dezake izena, eta ez da beharrezkoa aurretik jarduera fisikoa egin izana.

Saioak otsailaren 21ean eta 23an hasiko dira, eta abenduan amaitu. Bi talde osatuko dira, eta honakoak izango dira horien ordutegiak:

• Astelehenetako taldea, 13:30etik 14:15era izango da.
• Asteazkenetako taldea, 13:45etik 14:30era izango da.

Izen ematea otsailaren 14tik 18ra arte egongo da zabalik, eta 943 48 34 66 telefonora deituta, edo berdintasuna@donostia.eus helbidera idatzita egin beharko da.

Aurreko saioetan parte hartu duten emakumei 30 euroko kuota bakarra kobratuko zaie, eta lehen aldiz parte hartzen duten emakumeei ez zaie kuotarik kobratuko.