Jokoaren Erregelamendu berria indarrean jarri da Euskadin eskaintza doitzeko eta joko patologikoari aurrea hartzeko

0

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian gaur, asteartea, argitaratu da Euskal Autonomia Erkidegoko Jokoaren Erregelamendu Orokorra eguneratzeko dekretua. Araudiaren aldaketa horrek, besteak beste, joko-aretoen eta ikastetxeen arteko distantziak ezarten ditu, establezimenduen kopurua eta batetik bestera gutxienez izan behar diren metroak murrizten ditu eta sarbideen eta publizitatearen kontrola areagotzen du.

Aldaketa hori Euskadiko gaur egungo egoera soziala eta ekonomikoa kontuan hartuta landu da, eta hemendik aurrera Eusko Jaurlaritzak araudia hiru urtez behin aldatzeko konpromisoa hartu du  joko-eskaintza une bakoitzeko benetako egoerara doitzeko. Araudi berriaren helburuak hiru dira: Euskadiko joko-eskaintza gizartean onargarria den mailara doitzea, osasunaren babesa bermatzea eta arazoak sortzen dituen jokoaren prebentzioa, eta adingabeak eta kolektibo zaurgarriak babestea.

Arauketa berria indarrean jarriko da aste honetan ospatuko den Joko Arduratsuaren Nazioarteko Egunarekin bat etorriz, eta Jokoaren Euskal Behatokiak, efemeride hori dela eta, antolatu duen jardunaldian “Jokoa eta gazteria Euskadin” txostena, azkena, aurkeztuko da. Horrez gainera, Pantallas Amigas elkarteak “Gaming eta gambling, bideo-jokoak eta horiek online apustuekin eta ausazko jokoekin duten harremana” aurkeztuko du.

Distantziak

Araudi berriak, lehenik eta behin, joko-establezimenduen arteko gutxieneko distantzia fisikoak mugatzen ditu zenbait lekutan era horretako lokal asko pilatzea eragozteko. Biztanleriari buruzko azterlanak eta azterlan geoespazialak aztertu ondoren, honako neurriak hartzea erabaki da:

  • Edozein eratako joko-aretoen arteko nahitaezko gutxieneko distantzia 500 metro erradialekoa izango da. Orain arte 150 eta 600 metro inguruko tartea dago baimenduta lokal-motaren arabera, eta Jaurlaritzak 500 metro erradialera handitu eta bateratu du nahitaezko gutxieneko distantzia, lokala edozein motatakoa izanda ere (kasinoak izan ezik).
  • Ezingo da joko edo apustu etxerik egon ikastetxe arautuetatik 150 metrora baino gutxiagora. Lehenengo aldiz ezarri da lehen hezkuntzako, bigarren hezkuntzako eta lanbide heziketako ikastetxeetatik 150 metro erradialeko gutxieneko nahitaezko distantzia.

Lokal gutxiago

Bigarrenez, Dekretu berriak mugatu egiten du joko-establezimenduen kopurua, eta Euskadin, beraz, solik egon ahal izango dira 3 kasino (lurralde historiko bakoitzeko bat, eta lizentzia lehiaketa bidez emango da), hipodromo 1, 14 bingo (bingoek ezingo dute azaleraren % 50 baino gehiago erabili joko-makinak instalatzeko), apustuetako 60 lokal (orain arte bezala 3 enpresa egongo dira baimenduta lehiaketa publiko bidez apustu orokorrak ustiatzeko) eta 170 joko-areto.

Gainera, hemendik aurrera, Eusko Jaurlaritzak luzamendu bat ireki du, eta ez du emango datozen hiru urteotan ostalaritzan makinak eta joko-aretoak ustiatzeko baimen berririk. Une hauetan 7.897 joko-makina daude ostalaritzako lokaletan. Horrez gainera, joko-postuen artean gutxienez 3 metro koadro izatea ere ezarri da.

Sarrerak kontrolatzea

Erregulazio berriak ekarriko duen hirugarren aldaketa garrantzitsuak establezimendu horietako sarrerak kontrolatzearekin du zerikusia: nahitaezkoa izango da joko-areto guztietako sarrerak kontrolatzea, baita horietako ostalaritza eremuetakoak ere.

Gaurtik aurrera, establezimenduek gehienez 9 hilabete izango dituzte teknikoki eta fisikoki egokitzeko, joko eta apustu areto guztiek izan beharko baitituzte Eusko Jaurlaritzaren jokorako sarrera debekatuen erregistrora konektatutako sistema informatikoak. Lokalek ez diete sartzen utzi behar adingabeei, jokoarekin arazoren bat dutelako edo ahalmenak mugatuta dituztelako Joko-galarazpenen Erregistroan inskribatuta daudenei,  eta euren buruari, nahita, sartzea debekatu dietenei.

Publizitatea

Laugarren aldaketa-multzo aipagarriak jokoari buruzko publizitatearekin du zerikusia. Jaurlaritzak indartu egin ditu murrizketak, eta, besteak beste:

  • Debekatuta egongo da jokoari buruzko publizitatea egitea komunikabideetan goizeko 6etatik gaueko 12etara.
  • Ezingo da ospe publikoa duten pertsonekin edo adingabeekin egindako iragarkirik argitaratu.
  • Publizitateak ezingo du iradoki jokoa dirua azkar eta ahaleginik egin gabe lortzeko metodo erraza dela.
  • Ezingo da publizitateko erreklamo gisa erabili kirol-instalazioen, entrenamendu-zentroen, taldeen edo lehiaketen izena, marka edo izen komertziala.
  • Kirol ekipamenduak edo kamisetak ezingo dira babestu jokoaren arloko establezimendu, enpresa edo operadoreekin.
  • Debekatuta geratuko da kirol-zentroetatik 150 metrora baino gutxiagora publizitate liburuxkak banatzea edo kanpoko publizitatea jartzea.

Debekatuen erregistroa

Azkenik, garrantzizkoa da adieraztea zabaldu egin dela debekatuen erregistroan izena eman ahal izateko lekuen sarea. Osakidetzan eta errehabilitazioko elkarteetan ez ezik, izen-emateak ertzain-etxeetan, joko-aretoetan bertan eta online jokorako etxeetan ere egin ahal izango dira.

Pertsona bat erregistro horretan sartzen den unean, ezingo da Euskadiko joko-establezimendu bakar batean sartu, gutxienez 6 hilabete igaro ondoren izen-ematea bertan behera uztea eskatu ezean. Horrez gainera, Jaurlaritza Estatuko osoko erregistroen arteko elkarreragingarritasuna lantzen ari da, autonomia-erkidego batean erregistratuta dagoen pertsona batek ez dezan beste autonomia-erkidego bateko lokal batean sartzerik izan.