Zuhaitz Eguna egingo da igandean Azpeitin

0
Datorren igandean, otsailaren 20an, izango da aurtengo Zuhaitz Eguna. Udalak eta Ekoetxeak elkarlanean antolatutako eguna, herriko ikastetxe, eragile eta herritarren parte hartzearekin egin ohi da.

Egoerak lagunduta, ohi bezala herritarrek izango dute zuhaitzak landatzeko aukera. Aurtengoan, Loiolako Inazio etorbidean, Urola ibaiaren beheko pasealekuan landatuko dira zuhaitzak. Igerileku ondoko zubitik Loiolara arteko zatian landatuko dira, hain zuzen.

Zuhaitz eguna 10:30etatik 12:30ak arte izango da eta hasi eta bukatu Ekoetxean egingo da. Lanak bukatzean parte hartzaileei hamaiketakoa (mokadu bat) eskainiko zaie bertan. Parte hartu nahi dutenek, ez dute aurrez izen ematerik egin beharrik.

Aurtengoan, bertako zuhaitzak landatzeaz gain, gainera, landare inbaditzaileak kentzea da helburua. Guztira 65 zuhaitz landatuko dira 20 altza edo Alnus Glutinosa, 20 lizar edo Fraxinus Excelsior, 5 Haritz edo Quercus Robur, 10 erramu edo Laurus Nobilis, 5 Intxusta edo Sambucus Nigra eta 5 urritz edo Corylus avellana.

“Herritarrak bertan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu, familian zein lagun artean goizaz gozatzeko» adierazi du Aitor Bereziartua Ingurumen zinegotziak.