Euskadiko 18 urtetik 30 urtera bitarteko gazte gehienek inoiz ez dute jokatu ez apustu egin

0
PRUEBA

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua buru dela inauguratu da gaur goizean Jokoaren Euskal Behatokiak antolatutako “Jokoa eta Gazteria” jardunaldia. Ekitaldia bihar mundu osoan ospatuko den Joko Arduratsuaren Nazioarteko Egunaren esparruan antolatu da.  Jardunaldian esku hartu dute Jorge Flores Pantallas Amigas elkartekoak, eta “ Gaming eta Gambling bideo-jokoak eta horiek online apustu eta jokoekin duten harremana” txostena aurkeztu du; eta Jonatan García Rabadán UPV/EHUko Soziologia eta Gizarte Langintza Saileko irakasle atxiki eta ikertzaileak, eta honek Jokoaren Euskal “Behatokiaren Gazteria eta jokoa Euskal Autonomia Erkidegoan 2021” txosteneko ondorio nagusiak azaldu ditu. Gainera, hainbat adituk gaiari buruz eztabaidatu dute Euskadin joko patologikoari aurrea hartzeko eta horren inguruan sentsibilizatzeko lanean ari diren hainbat elkartek osatutako mahai-inguru batean.

Ondorio nagusiak

Eusko Jaurlaritzak erabaki zuen “Gazteria eta jokoa Euskal Autonomia Erkidegoan 2021” txosten monografikoa egiteko eskatzea, ikusi baitzuen 18 urtetik 30 urtera bitarteko pertsonen portaera ez dela beste adin-tarte batzuetakoena bezalakoa eta jokoarekin lotutako arazoen ehunekoa handiagoa dela adin-tarte horretan. Txostenaren ondorio nagusien artean, nabarmentzekoa gazte gehienek, % 52k, alegia, inoiz ez dutela jokatu ez apustu egin. Behatokiaren aurreko txostenaren arabera, berriz, bizitzan inoiz jokatu izan dutela adierazi duten helduak % 70,5 dira. Inoiz jokatu izan duten 18 urtetik 30 urtera bitarteko gazteen % 47,5en artean hau nabarmentzen da:

  • 4tik batek jokatu du azken urtean.
  • % 31,8 adingabea zenean hasi zen jokatzen, eta lagunartean edo familiartean. Inkestari erantzun dioten gazteen % 78,6k gogoan du familiartekoak ikusi izan zituela jokatzen oraindik haurrak zirenean.
  • Ondo pasatzeko, euren kidekoekin egoteko eta aisialdiko jarduera moduan jokatzen dute.
  • Jokoaren maskulinizazioa agerikoa da:
    • Euskadin jokatzen duten gizonezkoak emakumeak halako bi dira.
    • Sarriago jokatzen dute.
    • Emakumeek baino diru gehiago gastatzen dute.
  • Online jokoa gora egiten ari den arren, zifrek adierazten dute gazteek batez ere aurrez aurre jokatzen dutela:
    • % 69 dira, eta online jokatzen dutenak % 10,1 dira eta bi modalitateak konbinatzen dituztenak % 20,8.
    • Nahiago dute aurrez aurre jokatu lokal fisikoak sozializatzeko modua direlako: ia % 60k taldean edo lagunartean jokatzen du.
    • Taldean jokatzen dutenen % 9,4k familiako pertsonaren batekin jokatzen dute.
    • Hauek dira aurrez aurre jokatzeko gehien aukeratzen direnak, ordena horretan: loteria (% 27,1), kirol-apustuak (% 17,5) eta kasinoak (% 16,9).
  • Online jokatzen dutenek:
    • Aurrez aurre jokatzen dutenek baino sarriago jokatzen dute.
    • Gehienek, % 50,6k, bakarka jokatzen dute.
    • Diru gehiago gastatzen dute: 64,6 euro hilabetean online jokoetan; eta aurrez aurre jokatzen dutenek hilabetean 45,6 euro gastatzen dituzte.
    • Online jokoetan kirol-apustuak gailentzen dira, guztien % 58.
  • Joko patologikoa: Kasu gutxi batzuetan jokoa patologia bihurtzen da, eta DSM, Diagnostic and Statistical Manual Of Mental Disorders eskalarekin neurtzen da. Estatu Batuetako Psikiatriako Elkartearen tresna zorrotz horri jarraituz, azken urtean Euskadin jokatu duten 18 urtetik 30 urtera bitarteko gazteen artean:
    • % 3,2k dute patologiaren bat.
    • Gizonak dira, adin horretako emakumeek ez dute inolako arazorik jokoarekin.
    • Patologiarako joerarik handiena duen adin-tartea 23-26koa da (bigarren gazteria).
    • Zenbat eta ikasketa-maila baxuagoa izan, patologiaren bat izateko aukera handiagoa dago.