Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak Gasteizko Mendi Garaien kontserbazio bereziko eremua ia 3.000 hektarea handitzea proposatu dute

0

Bart Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Vitoria-Gasteizko Udalaren eta haren administrazio-batzordeen artean eginiko bilera batean, Gasteizko Mendi Garaien kontserbazio bereziko eremua (KBE) ia 3.000 hektarea handitzeko proposamena aurkeztu da.

Proposamen hori aldez aurretik landu da hiru erakundeen artean, eta aurrerapauso handia da Gasteizko Mendien eremuan aurreikusitako kontserbazio-helburuak bermatzeko eta 2010ean hasitako lanak amaitzeko, Baliabide Naturalak Antolatzeko Plan bat osatuz. Plan horren helburua eremu horri ingurumena babesteko figura egokia ematea zen.

Erabaki horrek administrazio, gizarte-eragile eta pertsona interesdunen parte-hartzea izango du izapidetzen den bitartean, Gobernu Kontseiluak behin betiko onartu arte, eta Gasteizko hiriaren hegoaldeko eremu horretako natura-balioen kontserbazioa indartzea ekarriko du, 5.130 hektareako azalera lortu arte (une honetan 2.227 hektarea daude KBE gisa aitortuta, 2015. urtetik).

Figura horren bidez, balio natural handia duten Gasteizko Mendietako elementuak babestuko dira; esate baterako, Batasunaren intereseko habitatak, hala nola pagadiak, erkameztiak eta ameztiak, txilardi kaltzikolak (garrantzitsuak polinizatzaileentzat) eta larre lehor erdinaturalak, bai eta eskualdearen intereseko habitatak ere, hala nola hariztiak, flora-espezieak, hala nola hagina, eta fauna-espezieak, hala nola musker eta basoko hegaztiak. Intereseko habitatak kontserbazio bereziko eremu berriko hedapen osoaren % 61 izango dira.

Ingurumen-babesa eta garapen ekonomikoa

Gasteizko Mendien natura-balioei buruz eginiko analisien espedientearen egoera eta eguneratzea aztertu eta balioetsi eta mugaketa berriro zehaztu ondoren aurkeztutako proposamenak kontserbazio bereziko eremua handitzen du eta, horretarako, Natura 2000 Sareko Espazio babestuaren figuraren aldeko apustua egiten du. Gainera, ez du landa- eta ekonomia-garapena baztertzen; are gehiago, lotu egiten du biodibertsitateari ekarpen hobea egitearekin, eta aukera ematen du Europar Batasuneko finantzaketa posibleetan sartzeko.

Ez dira sartzen natura-ondarearen balio garrantzitsurik ez duten lurrak, etorkizunean kudeaketa-arazo izan daitezkeenak. Irizpide hori aplikatzeak babestutako eremutik kanpo uzten ditu elementu hauek: Gardelegiko zabortegia, lubeta gehienak eta laborantza-lur gehienak.

Lursailen titulartasunari dagokionez, batez ere onura publikoko mendien katalogoan sartutako lursailak hartuko dira kontuan, eta, ahal den guztietan, lurzati identifikagarrien mugetara egokituko dira. Proposamenak, gainera, aukera ematen du baso autoktonoak babesteko, garrantzitsuak baitira klima-aldaketari dagokionez, karbonoa biltegiratzeko duten funtzioagatik. Horrez gain, lotura ekologikoa hobetzeko eta azpiegitura berdeari zerbitzua emateko ere garrantzitsua da.

Babestutako eremu berriak Vitoria-Gasteizko udalerriko 17 kontzeju hartuko lituzke: Bolibar, Andollu, Subillana Gasteiz, Zumeltzu, Ariñez, Gometxa, Eskibel, Armentia, Berrostegieta, Lasarte, Gardelegi, Castillo-Gaztelu, Mendiola, Monasterioguren, Gamiz, Uribarri eta Aberasturi.

Proposamen honek Arabako erakunde nagusien eta Eusko Jaurlaritzaren arteko akordioa du xede, eta Eusko Legebiltzarrak 2021eko martxoaren 18an onartutako legez besteko proposamena betetzea dakar. Proposamen horrek Eusko Jaurlaritzari eskatzen zion Gasteizko Mendi Garaien kontserbazio bereziko eremua handitzeko. Baita Arabako Batzar Nagusietan 2021eko martxoaren 24an onartutako mozioak ere.

Aberastasun ekologikoa

Gasteizko Mendi Garaien kontserbazio bereziko eremuak hiri horren hegoaldean dagoen mendien sistemaren sektore bat hartzen du, eta Arabako Lautada eskualdeko hegoaldeko muga da. Nahiz eta oso garaiak ez izan (oro har, 1.000 metrotik beherakoak), ekialde-mendebaldean daudenez, Gasteizko Mendiek intereseko langa biogeografikoa osatzen dute, ekialdera Iturrieta mendietan eta mendebaldera Tuio mendietan jarraitzen dutenak. Paisaian nagusi dira bertako zuhaitzez osatutako basoak, eta zenbait larre- eta sasi-eremu ere badaude.

Natura 2000 Sarea Europar Batasunaren tresna nagusia da Batasuneko lurraldean biodibertsitatea babesteko. Helburua biodibertsitatea bermatzen laguntzea da, habitat naturalak eta basoko fauna eta flora zainduz, ekonomia-, gizarte- eta kultura-eskakizunak eta eskualde- eta toki-berezitasunak kontuan hartuta.