Javier Hurtado sailburuak eta Mikel Serrano alkateak “Zumarraga, merkataritza-eredu digital eta jasangarri baterantz aurrera eginez” izeneko merkataritza suspertzeko plana aurkeztu dute

0

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak eta Zumarragako alkateak “Zumarraga, merkataritza-eredu digital eta jasangarri baterantz aurrera eginez” plana aurkeztu dute. Ekimen horrek merkatua eta haren ingurunea dinamizatuko ditu, erakundeen arteko lankidetzatik abiatuta eta Next Generation EB funtsen finantzaketarekin.

Sailburuak azaldu duenez, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, laguntza-programak sortu zirenetik, etengabeko komunikazioa eta lankidetza izan du Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioarekin, “eta, era berean, etengabeko harremana izan dugu udalekin, aldundiekin, eskualdeko erakundeekin eta sektorearekin deialdiei buruzko informazioa emateko”. Merkatuentzako eta saltokientzako laguntza-lerroak 2 helburu ditu. Alde batetik, merkataritza-sektorea berreskuratzen laguntzea eta, beste aldetik, herri txiki eta ertainetako eta turismo-eremuetako sarea indartzea, lurralde-garapena eta -egituraketa bultzatzeko.

Zumarragako proiektuak 925.000 euro ditu, eta bere ildoetarako onartutako 9 euskal proiektuetako bat da: hiri-merkatu jasangarrietarako laguntzak, landa-merkatu jasangarrietarako laguntzak eta turista asko biltzen diren eremuetako saltokietarako laguntzak. Azken helburua da herria merkataritza-eredu digital eta jasangarri batean kokatzea, merkatua kohesiorako trakzio-elementu eta foku nagusi gisa kokatuz. Gainera, proiektu honek merkataritzarekin lotura estua duten hainbat ekimen bateratzen ditu, hala nola turismoa, eta bien arteko harremana eta hiri-dinamizazioan dituzten ondorioak erakusten ditu.

Sailburua eta alkatea bat etorri dira esanez helburu horietan Zumarragako merkatuak zeregin garrantzitsua duela. Komunitatea eta tokiko ekoizleen eta herritarren arteko harreman-modu tradizionala elkartzeko eta bateratzeko gunea da. Proiektu honekin eta, azken batean, merkatuetarako Next Generation funtsek babestutako proiektuekin trantsizio digitalak eta ingurumenekoak pertsonak, hiriak eta enpresak kontuan hartzea lortu nahi da, hiri-habitat jasangarri baten barruan.

“Aurrez lan handia eginda zegoenez gero, eskuratu ahal izan ditugu funts horiek. Proiektua indar handikoa da, eta oso “hausnartuta” dago; izan ere, aurreikusitako 15 jarduketetatik 9tan ari gara lanean, eta, horri esker, deialdiaren epeak bete ahal izango ditugu eta jarduerak aurtengo abendurako amaituta izango ditugu” esan du alkateak. Eta bere esku-hartzea amaitzeko aditzera eman duenez, “jasotako laguntza garrantzi handikoa den arren (Europako Funtsetatik ia milioi bat euro eta autonomia-erkidegotik ia 300.000 euroko laguntza), ez dugu baztertuko herrira ekartzea Zumarragaren eta zumarragatarren ongizate ekonomikoan eta sozialean aurrera egiten lagunduko digun beste edozein inbertsio.”