Bizkaiko Foru Aldundiak Artxandako tunelen egungo ordainlekua birmoldatuko du azpiegitura horien kudeaketa-sistemak teknologikoki bateratzeko eta contactless bitartekoen bidezko ordainketa ahalbidetzeko egiten ari den digitalizazio-estrategiaren barruan. Hala, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak, Imanol Pradalesek, iragarri duen bezala, Artxandako proiektua idazteko fasean dago eta obra uda ostean has daiteke, 3.605.800 euroko aurrekontuarekin eta 11 hilabeteko egikaritze-epearekin.
«Proiektuak zazpi bide zentralen egungo diseinuari eusten dio, eskudirutan, txartel bidez edo teleordainketan ordaintzea ahalbidetuz. Eta egungo albo-bideen ordez oztoporik gabeko free flow teknologian oinarritutako ordainketa-sistema duten arkupeak jarriko dira. Birmoldaketa horren bidez bide-segurtasuna handitzea lortuko dugu, ibilgailuen arteko gurutzatu beharrak murriztuta eta ibilgailuen pasabidea arinduz; izan ere ibilgailuek martxa moteldu gabe zirkulatu ahal izango dute», diputatuak azaldu duenez.
Imanol Pradalesek ordainlekuak digitalizatzeko planaren barruan kokatu du jarduketa hau eta esan du 4,4 milioi euro inbertitu direla Bizkaiko bidesarien azpiegituretako kudeaketa-sistemak teknologikoki eguneratzeko eta bateratzeko: AP-8, Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidea eta Artxandako Tunelak. «Inbertsio hau errepide adimendunak garatzeko estrategiaren barruan sartzen da. Teknologian eta berrikuntzan egindako aurrerapen bakoitzak ate berriak irekitzen dizkigu azpiegiturak modu eraginkorragoan kudeatzeko, erabiltzaileentzat zerbitzu hobea eta segurtasun handiagoa lortuz. Hori da helburua. Eta hori lortzeko Bizkaian egunera arte azpiegitura guztietan erabiltzen diren sistemak eta teknologiak bateratzen ari gara» adierazi du.
«2021eko udatik aurrera Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidean ordainketa contactless txartelarekin eta gailu mugikorrekin egin daiteke. Eta urtarriletik aurrera AP-8 osoan ere egin daiteke. Teknologian egindako inbertsioa da, eta erabiltzaileen erosotasunean ez ezik, segurtasunean eta bidesarien kudeaketan ere eragiten du. Ordainketa-metodo berri hori ezartzeak ez du esan nahi kobrantza pertsonaleko zerbitzu txikiagoa emango denik», Pradalesek zehaztu duenez.
Abantaila nagusi gisa diputatuak azpimarratu du ordaintzeko modua digitalizatzeak erabiltzaileei aukera ematen diela autobideko gastuak ia berehala on line kontsultatzeko. Gainera, teknologia horren erabilerak iruzurra murrizten du bidesarien ordainketan, finantza-erakundeen eskakizunetara egokituz.
Imanol Pradalesek zehaztu duenez, ViaT da oraindik ordaintzeko metodo nagusia, eta horren atzetik datoz txartelak eta, azkenik, eskudirua. 2021eko datuekin eta 32,3 milioi trafikorekin, ViaT-k 21,9 milioi erabilera izan ditu (% 67,8), txartelek 6,6 milioi (% 20,35) eta eskudiruak 3,8 milioi erabilera (% 11,85).