Euskadi Bono Denda kanpainak dagoeneko 6,3 milioi euroko ekarpena egin dio Euskadiko merkataritzari

0
PRUEBA

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak Legebiltzarreko Kontroleko Bilkuran azaldu duenez, Euskadi Bono Denda kanpainaren bi faseetan abian jarritako 700.000 bonuetatik 630.000 bonu trukatu dira orain arte.

Bonuen ordainketan izan daitezkeen gorabeherei buruzko galdera bati erantzutean, sailburuak gogorarazi du otsailaren 11ra arte 6 milioi euro baino gehiago ordaindu zitzaizkiela dendariei eta gaur bertan beste bidalketa bat egingo dela.

Euskadi Bono Denda kanpaina 2021eko urriaren 27an hasi zen, bi fasetan. Lehenengo fasea 2021eko abenduaren 5era arte, eta bigarrena 2022ko urtarrilaren 10etik martxoaren 31ra arte. Hasiera batean, 500.000 bonu jarri ziren zirkulazioan, hau da, 5 milioi euro. Ondoren, bonuen arrakasta handia ikusita, beste 2 milioi euro gehitu ziren. Izatez, lehenengo 2 egunetan 100.000 bonu baino gehiago trukatu ziren.

Sailburuak aditzera eman duenez, bonuaren zenbatekoa 2 milioitan handitzearen ondorioz izan diren arazo zehatzak eta puntualak alde batera utzita, “ondorioztatu behar dugu merkataritza-bonuak funtzionatu duela eta harrera ona izan duela. Euskadi Bono Denda kanpainarako abian jarritako 7 milioietatik dagoeneko 6,3 milioi euro erabili dira, eta otsailaren 11n bidalketa guztiak ordainduta zeuden. Gorabeheraren bat izan bada —eta 700.000 bonuko bolumenarekin beti egon daiteke gorabeheraren bat edo beste—, ahalik eta azkarren konpondu da, eta saltoki gehien-gehienak pozik daude programarekin, eta bigarren fasean programan jarraitzea erabaki dute”.