Martxan da Arana eta Aranagoiko auzoen arteko irisgarritasuna hobetuko duen igogailua Azpeitin

0
Abia da Arana eta Aranagoikoa auzoak lotuko dituen igogailua. 8 hilabeteko obren ostean, auzotarren «egunerokoa erraztu eta bizi kalitatean» eragingo duen azpietura erabiltzeko moduan da.

Azpeitiko Udalak iazko udaberrian abiatu zituen, inguruko auzotarrekin proiektua adostu ostean, Arana eta Aranagoikoa lotzeko igogailuaren obrak. Obra guztiak bukatuta, prest dago igogailua eta bihartik aurrera, otsailaren 18tik, auzotarrentzat erabilgarri egongo da, egunero, 24 orduz.

Obrak bukatu berritan, Josu Labaka Hirigintza zinegotzia bertan izan da eta obra horrekin, “auzoen arteko irisgarritasuna hobetzeaz gain, inguru horretako pertsonen bizi kalitatean eragin eta egunerokoa erraztea” dela helburua azpimarratu nahi izan du: “Hirigintza herritarren zerbitzura jarriz, herritarren egunerokoa errazteko tresna izatea nahi dugu”, gaineratu du.

Igogailua jarriz irisgarritasuna hobetzeko 416.489,87€ko inbertsioa aurreikusia du Udalak eta Eusko Jaurlaritzak 2020ko uztailaren 27ko Agindukoren baitan 288.081,74€ko diru laguntza onartua du.