EAEko Auzitegi Nagusiaren egoitzan, COVID-19aren izurria hasi zenetik aurrez aurreko lehenbiziko lan-bilera egin dute EAEko Auzitegi Nagusiko Gobernu Salako Batzorde Iraunkorrak eta arartekoak, bere ondokoak eta lantaldeak.
Hain zuzen ere izurriaren eta justizia-administrazioaren funtzionamenduaren haritik, hainbat gaitan sakondu da: prozesu-epeak eteteak justiziako sistema instituzionalean izan duen eragina; arrakala digitala eta aurretiko hitzorduaren sistemak sortutako arazoak; baita ere jarduera judizial telematikoak egiten jarraitzea, harik eta gobernu zentralak COVID-19ak sortutako osasun-krisialdiko egoera bukatutzat jo arte.
Bereziki azpimarratu da erakundeen lankidetza justizia-sistemaren zerbitzuko kalitatea hobetzeko, biktimak babestearen ikuspuntutik hain garrantzitsuak diren gai hauetan: emakumearen kontrako indarkeriaren epaitegiak biktimen Estatutuko parametroetara egokitzea; biktimei laguntzeko Zurekin programa sendotzea; Arartekoaren 2/2021 Gomendio Orokorrean bildutako jarduera-jarraibideak, haur eta nerabeen kontrako sexu-abusuak gertatzean egoki jarduteko gida moduan; eta Gasteizen Barnahus proiektu pilotuaren ezarpenaren egoera.
Azkenik, 2021-2026 Justizia Digitaleko Planaren esparruan espediente judizial elektronikoa ezartzea aztertu da, baita zigorrak betearaztearen egoera ere, bereziki aipatuz gizartearentzako lanak, planta judiziala egokitzea eta berariazko prestakuntza emateko premia, justizia administraziora destinatuta dauden bitarteko funtzionarioen arloan.