Espetxean sartu dute Internet bidez egindako pederastia delituaren aurkako operazio batean Ertzaintzak atxilotu ondoren

0

Ikerketak zabalik jarraitzen du, atzemandako material informatiko ugaria aztertzen ari diren bitartean

Ertzaintzak 28 urteko gizon bat atxilotu du, Internet eta sare sozialen bidez adingabeen aurka egindako mehatxuak eta sexu-abusuak leporatuta. Gipuzkoako Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuak egindako “Icaro” operazioaren barruan atxilotu dute gizona, eta operazioan Ertzaintzako hainbat unitatek lagundu dute. Ustezko pederasta aste honetan sartu dute espetxean, Donostian agintari judizialaren eskuetan jarri ondoren.

Polizia-ikerketa joan den urtearen bukaeran hasi zuten, Ertzaintzak Internet bidez adingabe baten aurka egindako mehatxuen eta sexu-abusuen salaketa bat jaso zuenean. Online egiten den jazarpen eta abusu horri “Grooming” deitzen zaio. Salaketatik abiatuta hasi zen ikertzen Gipuzkoako Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzua, eta lehenengo fasean otsailaren 11n Bizkaian gizon bat atxilotu zuten.

Epailearen agindua eskatuta, ikerketako agenteak atxilotuaren etxean sartu eta miaketa egin zuten, eta guztira informazio digitala biltegiratzeko 18 elementu/gailu elektroniko atzeman zituzten. Ebidentzia horietan eduki sexuala zuten adingabeen argazkiak eta bideoak aurkitu dira. Agenteek kontu batzuk ere aurkitu dituzte sare sozialetan, eta atxilotuak biktimei mehatxuak eta koakzioak egiten zizkien horien bidez, eskatutakoa egiten ez bazuten irudi intimo konprometigarriak hedatuko zituela adieraziz.

Material horren hasierako analisiaren ondoren eta zegozkion eginbideak bete ostean, atxilotua agintari judizialaren eskuetan jarri zuten Donostiako epaitegietan, eta hortik Martuteneko espetxera eraman zuten epaileak aginduta. Ikerketa oraindik zabalik dago, atzemandako material guztia ikusi, ehunka artxibo baitaude, eta beste biktima posible batzuk aurkitzen dituzten bitartean.

“Grooming” ekintzen arriskua eta salatzeko premia

Era horretako ikerketen esparruan, Ertzaintzak “Grooming” deitzen den ekintza horren arriskuaz ohartarazi nahi izan du. Adingabeak aisialdiko jarduerak egiteko, hala nola txatean aritzeko, jolasteko edo jaisteko artxiboak bilatzeko Internetera konektatzen direnean edo sare sozialetan sartzen direnean, jazarlea haiekin harremanetan jartzen da euren konfiantza eta datu pertsonalak lortzeko.

Orokorrean, pederasta helduak bere burua adingabetzat aurkezten du biktimekin elkarreragin ahal izateko, eta engainatzen dituenean eduki sexuala edo pornografikoa duten irudiak eskatzeko. Harreman horretatik abiatuta, eta sedukzio eta probokazio teknikak erabiliz, adingabeak gero eta irudi gehiago ematera bultzatzen ditu, eta jazarpenera eta koakziora ere iristen da adingabeak une batean eduki sexual hori partekatzeari ezetz esaten badio. Jazarleak mehatxu gisa adierazten dio irudi edo bideo horiek bere adiskideen edo ezagunen artean edo sare sozialetan hedatuko dituela.

Horregatik guztiagatik, Ertzaintzak aholku batzuk eman nahi ditu era horretako delitu-kasuak hauteman ahal izateko.

Gomendioak:

  • Berehala salatu edozein jazarpen edo abusu egoera. Geldiarazi egin behar da. Halako portaerak ez dira amaitzen delitugilea atxilotu arte. Ez entzunarena egiteak inoiz ez gaitu inora eramango.
  • Gure laguna dela uste dugun norbait sarean bere portaera aldatzen hasten bada, segur aski kontua lapurtu diote.
  • Ahal dela ez gorde edo trukatu argazki konprometiturik, ezta bikotekidearekin edo adiskide minenekin ere. Ondo jabetu behar dugu zer-nolako irudiak bidaltzen ari garen telefonoan edo ordenagailuan klikatzen dugunean.
  • Inoiz ez da amore eman behar xantaiaren aurrean, edozein eratakoa izanda ere. Argazki bat bidaltzea inoiz amaituko ez den kiribil batean sartzea da.
  • Inori ez eman pasahitzik, zure lagun mina dela uste baduzu ere. Pasahitza norberarena da, eta indibiduala eta besterenezina. Era berean, ez dira sartu behar pasahitzak jatorrizko zerbitzuarekin zerikusirik ez duten web-orrietan.