Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Galdakaorako metroaren 5. linea beren baliabideekin bultzatzea adostu dute

0

Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Galdakaorako metroaren 5. linea beren baliabideekin bultzatzea adostu dute. Xede horrekin, bi erakundeak finantzaketa-hitzarmenean lan egiten ari dira, Euskal Trenbide Sareak (ETS) urte honetan bertan obrak lizitatu ahal izan ditzan, linearen eraikuntza-proiektua dagoeneko idatzita baitago. Bi erakundeek trazadura berriaren kostua % 50ean hartuko dute beren gain. Hiri-inguruko sareari beste 6,3 kilometro gehituko zaizkio eta bost geltoki izango ditu: Sarratu, Aperribai, Bengoetxe, Galdakao eta Usansoloko Ospitalea. Gainera, konexioa izango du Busturialdetik eta Durangaldetik datorren Euskotrenen linearekin. Usansoloko Ospitalerainoko azpiegiturak 360 milioi euroko aurrekontua izango duela zenbatetsi da. Inbertsio horri gehitu beharko zaio Euskotrenen linearekiko konexioari dagokion kostua.

Iñigo Urkullu lehendakariak, Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioko sailburuak eta Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak gaur goizean eman dute akordioaren berri Lehendakaritzan, Gasteizen, elkarrekin egin duten agerraldian. Bi administrazioek erabaki dute Europar Batasuneko Next Generation funtsen etorkizuneko ebazpenen zain ez egotea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen egoera ekonomiko kaudimenduna baliatzea eta 2022an irekiko den aukera-leihoaren aurrean inbertsio publikoaren alde egitea, Europan une honetan etenda baitaude aurrekontu-egonkortasunari buruzko arauak.

Euskal Autonomia Erkidegoko eta Bizkaiko Foru Aldundiko exekutiboen ordezkariak bat etorri dira akordioaren garrantzian, «aspalditik irrikaz desiratzen zen proiektu baten abiapuntua baita».

Urkullu lehendakariak bi erakundeek egindako urratsaren garrantzia nabarmendu du, eta aditzera eman du metro metropolitarraren sarea handitzea eta luzatzea lagungarria izango dela «Euskadin eta, zehatzago, Bizkaian garraio publikoa egituratzeko, eta, era berean, deskarbonizazioa bultzatzeko, ingurumena errespetatzen duen mugikortasuna sustatuz».

Arriola sailburuak azaldu duenez, ETSk, hau da, euskal trenbide-administratzaileak «dagoeneko definituta dagoen eraikuntza-proiektu bat du metroaren handitze garrantzitsu horri berehala aurre egin ahal izateko, finantza-gaitasuna dagoen heinean». Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, bakoitzak, aurrekontuaren % 50 jartzeko konpromisoa hartzen duten baldintzak jasotzen dituen hitzarmena formalizatzen denean, ETSk enkantera aterako ditu —orain arte hiri-inguruko sarearekin egin duen bezalaxe— tarte berri hori Busturialdeko eta Durangaldeko Euskotrenen sarearekin lotzeko eraikuntza-lanak. «Horrela, Bizkaiko pertsona eta herri gehiagori egingo zaio zerbitzua, eta garraio publikoko sarearen eta baliabide publikoen efizientzia handiagoa lortuko da», adierazi du Arriolak.

Bizkaiko ahaldun nagusiak, bestalde, adierazi duenez, «emandako hitza betetzen dugu. Esan genuen metroa luzatzea lehenesten genuela, trenbidean oinarritutako mugikortasun jasangarriagoa nahi baitugu. Eta ahal izan dugun guztia egin dugu hori posible izan den arte». Rementeriak erantsi du duela 27 urte Metroak Bizkaia aldatu zuela, «eta linea berri hau pertsonen bizi-kalitatea hobetzen jarraitzeko iritsi dela, bereziki Galdakaon, Busturialdean eta Durangaldean. Eta helburu horrekin Bizkaiko Foru Aldundiak 180 milioi inbertituko ditu».

ETSren eraikuntza-proiektua hiru tartetan banatuta dago, eta horri laugarren tarte bat gehituko zaio: Euskotrenen linearekiko lotura Usansolon. Lehen tartea, Sarratu-Aperribai, 1.540 metro luze da, eta Euskotren Matiko eta Amara arteko aire zabaleko linearen desbideratze gisa sortu da, Etxebarriko geltokiaren ondoren. Horrenbestez, 3. linearen jarraipena izango denez gero, 5. linea ere Euskotrenek operatuko du, eta bere gain hartuko du lanen kostua. Pixka bat aurrerago Sarratuko (Basauri) geltoki intermodala eraikiko da, gainazalean baina estalita, eta Euskotrenen eta Metro Bilbaoren arteko truke-terminal gisa planteatuko da. Hortik aurrera, trazadura oso-osorik lurpekoa izango da.

Bigarren tartea, Aperribai-Galdakao, 2.800 metro luze da, eta Galdakao erdialdean amaitzen da, Plaza Gorrian egongo den lurpeko geltoki batean, Metro Bilbao gisakoa.

Hirugarren tartea, Galdakao-Ospitalea, 1.930 metro luze da, eta tunel gisa luzatuko da Galdakao-Usansoloko Ospitaleko geltokia, hau ere lurpekoa, baino pixka bat aurreragoraino.

Laugarren tarteak Busturialdetik eta Durangaldetik datorren linearekin konektatuko du, Ospitaleko geltoki berritik abiatuta.