Gogorak memoriaren gizarte-eraikuntzarako oinarri partekatuak prestatzeko prozesua jarri du abian

0

Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak gaur erabaki duenez, talde eragile bat eratuko da, EAEn memoriaren gizarte-eraikuntzarako oinarri partekatuen dokumentua prestatzeko. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak honako hau nabarmendu du: “Gertakarien errealitate objektiboa, gertakari guztiak eta guztion memoria –bereziki biktimena, biktima guztiena– dira proiektu honen ardatzak”.

Lantaldea hiru historialarik eta hiru biktimak osatuko dute, baina lana memoriaren politikekin zerikusia duten zenbait diziplina eta sentsibilitatetako hogei bat aditurekin kontrastatuko dute. Kontrasteak hainbat dimentsio hartuko ditu, hala nola nazioarteko esperientzia, Euskal Herriko oraintsuko historia, ikuspegi etikoa eta filosofikoa eta gizarte-eragileen eta alderdi politikoen ekarpen eta ikuspegiak.

Talde eragile hori ibilbide ezaguna eta eztabaidaezina duten hiru historialari gaztek eratuko dute. Gazte horiek Euskal Herriko historia garaikideko eta oraintsuko historiako adituak dira: Eider Landaberea Abad doktorea, Virginia López de Maturana doktorea eta Unai Belaustegi Bedialauneta doktorea. Biktimei dagokienez, Gogoraren Zuzendaritza Kontseiluko partaide bi izango dira, Josu Elespe (ETAk 2001. urtean erail zuen Froilán Elesperen semea) eta Maria Jauregi (ETAk 2000. urtean erail zuen Juan María Jáureguiren alaba), eta hirugarrena Axun Lasa izango da (GALek 1983.an eraildako Joxean Lasaren arreba).

Talde horrek, lan egiteko, autonomiaren eta diskrezioaren printzipioei jarraituko die, martxoaren eta urriaren bitartean, eta ondorioak 2022ko Memoria Egunaren esparruan aurkeztuko ditu, datorren azaroaren 10ean.

“Helburua da proiektuak eztabaida erabat politikoa gainditzea –jakina, hura ordezkatu gabe– eta historia eta memoriaren dialektikaren oinarriaren inguruko begirada berria eta dinamika bat erakartzea. Oraintsuko iraganera hurbiltzeko modu berritua ekarriko duen dinamika, orainetik abiatuta eta etorkizunerako ereduarekin eta aukerarekin: bizikidetzarako memoria. Izan ere, atzoko egoerara zuzendutako begiradak gerokoa, etorkizunekoa eta itxaropentsua izan behar du nabarmen”, esan du Beatriz Artolazabalek.

Gogora institutuko zuzendaritza-kontseilua osatzen duten pertsonek harrera ona egin diote ekimenari, eta babes zabala izan du: aldeko 18 boto eta lau abstentzio.

Lau oinarri

Gogorako Zuzendaritza Kontseiluak EAEn memoriaren gizarte-eraikuntzak lau oinarri izan behar dituela adostu du: diziplina historikoaren metodo zientifikoa bera, biktimen eta haien esperientzien erreferentzialtasuna, giza eskubideen ikuspegia –herrialdeko politika publikoen, oro har, eta, zehazki, memoria-politiken oinarrizko jokabide gisa– eta xede konstruktiboa eta inklusiboa.

“Memoriak historia bilakatzea, historia memoria bilakatzea. Horiek dira dialektikaren terminoak. Bai, biktimen begietatik begiratzea da kontua, baina, aldi berean, historia memoria bilakatze hutsa gainditzea. Batik bat, memoria horiek historia bilakatzea da kontua, zergatiak azaldu eta ulertzea”, nabarmendu du sailburuak.

Gogoraren Zuzendaritza Kontseiluaren eskumen eta gaitasunarekiko eta Eusko Legebiltzarraren –herritarren borondatearen legezko ordezkari den aldetik– erabateko subiranotasunarekiko errespetu osoa abiapuntu izanik, ekimen honen bidez bi agintaldiri erantzungo zaiela erabaki da. Alde batetik, “Euskadi martxan” 2020-2024rako Gobernu Programaren 101. konpromisoari, zeinak “terrorismoaren eta indarkeriaren iraganaren memoria kritikoa” sustatzea ezartzen baitu. Eta, bestetik, 2021-2024rako Gogoraren Jarduera Planaren 7. ekimenari, zeinak gure oraintsuko memoriarako printzipio eta oinarrien inguruko akordio plurala sustatzea planteatzen baitu, aniztasunean oinarritzen den bizikidetzari ekarpen esanguratsua egiteko. Ekimen horren bidez, honako printzipio honi erantzuten zaio: EAEn memoriaren gizarte-eraikuntzarako politikaren oinarriei buruzko hausnarketak eta eztabaidak lehenengo eta behin Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua izatea sorburu; Institutua azaroaren 27ko 4/2014 Legearen bidez sortu zen, eta haren misioa erabat dator bete nahi den helburuarekin.

Talde eragilearen profil profesionala

Talde eragilea, esan bezala, hiru biktimak eta Historia Garaikidean espezializatuta dauden hiru doktorek eratuko dute:

  • Unai Belaustegi Historia Garaikideko doktorea da, Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU). Gaur egun, irakasle agregatu da (doktore kontratatua) UPV/EHUn. “Errepublikanismoa Gipuzkoan” izeneko euskarazko eta ingelesezko tesia defendatu zuen, nazioarteko aipamenarekin. 2016an, Doktoregoko sari berezia jaso zuen, Arteak eta Giza Zientziak kategorian. Zenbait liburu argitaratu ditu honako gai hauen inguruan: errepublikanismoa, Espainiako Bigarren Errepublika eta Gerra Zibila eta emakumeen historia Euskadin XX. mendean. Bere ikerrildoek honako hauek izan dituzte erdigune: kultura politikak, demokraziaren historia, prentsaren historia, analisi prosopografikoa, historia publikoa eta memoria publikoa. Hogei kongresu baino gehiago antolatu ditu edo haietan parte hartu du (haietatik, erdia baino gehiago nazioartekoa izan da). Eman dizkioten beka eta laguntzei esker, ikerketa-egonaldiak egin ditu honako unibertsitate hauetan: University of Nevada, Reno (AEB, 2013), University of California, Santa Barbara (AEB, 2015-2016), Universitá degli Studi di Messina, Sizilia (Italia, 2017-2018) eta Sapienza, Università di Roma (Italia, 2019). 2010. urtetik, Biography & Parliament ikertalde finkatuko kide da, eta, 2021az geroztik, Giza Eskubideen eta Botere Publikoen UNESCO Katedrako kide ere bada.

 

  • Eider Landaberea Historiako doktorea da, Deustuko Unibertsitatean. Gaur egun, Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko irakasle titularra da, eta Komunikazioko Graduan ematen ditu eskolak. Bere ikerketa-arlo nagusia Euskadiko historia garaikidea da. Azken urteotan, Euskadin Trantsizioan izan ziren diskurtso politikoen analisian jardun du lanean, bai eta memoriarekin eta identitate kolektiboarekin zerikusia duten gaietan ere. Honako argitalpen hau nabarmendu behar da, besteak beste: Los nosotros en la Transición: memoria e identidad en las cuatro culturas políticas del País Vasco, 1975-1980 (Tecnos, 2016), Deustuko Unibertsitateko Ignacio Ellacuría doktorego-tesi onenaren sari berezia jaso zuen doktorego-tesiaren ondorio izan zena (2013-2014). Halaber, zenbait artikulu nabarmendu behar dira, besteak beste: España lo único importante: el centro y la derecha española en el País Vasco durante la Transición (Historia del Presente, 19. zk., 2012) eta Representaciones políticas de la foralidad vasca en la Transición: los casos de EAJ-PNV y UCD (Sancho el Sabio, 2018. zk.: Extra 2). Era berean, zenbait kapituluren egilekide izan da lan kolektibo batzuetan, besteak beste: El primer Gobierno Vasco en Bilbao, 1936-1937: en pie sobre la tierra vasca (Fundación Bilbao 700, 2016) eta Hacia la reconciliación: una mirada compartida entre el País Vasco y Colombia (Catarata, 2019).

 

  • Virginia López de Maturana Historiako doktorea da Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatean (nazioarteko aipamena, doktoregoko sari berezia). Historia Garaikidea Saileko irakasle atxikia (UPV/EHU). Nazionalismoak eta kultura politikoak Euskal Herrian ikuspegi konparatuan ikertaldeko kide da. mendeko Euskadiko historian espezialista. La reinvención de una ciudad. Poder y política simbólica en Vitoria durante el franquismo, 1936-1975 (Bilbo, UPV/EHU, 2014) lanaren egilea da; lan horregatik lortu zuen Saiakeraren Euskadi Sariaren izendapena. Zenbait lanetan jardun du egilekide, besteak beste: Diccionario ilustrado de símbolos del nacionalismo vasco (Madril, Tecnos, 2012), La Diócesis de Vitoria. 150 años de historia (Vitoria-Gasteiz, ESET/Gasteizko Elizbarrutia, 2013), Álava insólita. Símbolos, mitos y lugares de memoria (Bilbo/Vitoria-Gasteiz, Ediciones Beta/Sancho el Sabio, 2018), Testigo de cargo. La historia de ETA y sus víctimas en la televisión (Bilbo, Ediciones Beta, 2019) eta El laberinto de la representación. Partidos y culturas políticas en el País Vasco y Navarra, 1875-2020 (Madril, Tecnos, 2021). XX. mendeko Euskadiko historiari buruzko hainbat artikulu idatzi ditu. Visiting scholar izan zen Oxford Brookes Universityn (Erresuma Batua). El Correo egunkariko orrialdeetako kolaboratzaile da, Arabako edizioan. Biltzar eta mintegi ugaritan parte hartu du, Europako eta Ameriketako zenbait herrialdetan.